"Ez dakit nondik ateratzen genuen aurrera egiteko indarra"

Miel Anjel Elustondo - Argia 2022ko abenduaren 3a

BegoƱa Olabeaga. (Argazkia: Zaldi Ero)

Ez du bizimodu erraza izan. Abertzale ziren etxean, eta 1936ko Espainiako Gerra Zibilak harrapatu zituen. Ihesi ibili ziren handik hona eta hemendik hara. Behin halako, on beharrez, Belgikara bidali zuten Begoña Olabeaga (Zumaia, 1927). Han zela, Bigarren Mundu Gerra. Handik ere ihesi, Francoren diktadura garaia bizi izan zuen, bizia berregin zuen, kolpez kolpe. Argia aldizkarian egin diote elkarrizketa.

95 urte bete dizkiguzu agorrilaren 23an…
Ez nuen uste hainbeste iraungo nuenik. Pasatu ditugunak eta gero! Bi gerra-eta, erbestea-eta… hainbeste gauza! Zumaian jaio nintzen ni, aita Guipuzcoano bankuko zuzendaria baitzen han. Gero, Zarauzko bulegoko buru izendatu zuten eta haraxe joan ginen bizitzera. Gerra denborak Zarautzen harrapatu gintuen. Gure ama mutrikuarra zen, eta gure ahizpa zaharrena, Itziar, hantxe jaio zen. Bigarren umea, Joseba, Donostian, eta ondoko Iñaki eta Arantxa, Deban… Ni, txikiena, Zumaian… Gure aita bulegotik bulegora ibili zuten, herririk herri, hura Donostian jaioa zen baina, Kanpanario kalean.

1927an jaio zinen Zumaian, Zarautzen zinen gero…
Baina nahiago nuen Zumaian, eta gure aitak ere bai. Ezagun gehiago genituen Zumaian, bikario jauna, sendagilea, lagunak… Gerra hasi aurretik joan ginen Zarautzera eta, han, nazionalistak ginela esaten ziguten, ez gintuzten ondo ikusten. Gero, gerra garaian, nazionalak Zarautzen sartu baino lehen, gure aitari agindu zioten Bilbora joateko, dirua eramatera, 1936an. Eta, niri, Zarauzko kalean, akordatzen naiz mutilek esaten zidatela: “Zure aita, lapurra!”. Holaxe! Etxean entzundakoak-edo izango ziren. Oso ezaguna baitzen gure aita herrian, Patxi Olabeaga.

Bankuko zuzendaria, esan duzunez.
Bai, eta udan madrildarrak Zarautzera etortzen ziren, eta dirua zela-eta, harremana zeukaten gure aitarekin. Orain Argiñano [jatetxea] dagoen tokian, Burgetoko markesak bizi ziren, eta akordatzen naiz nire anaia Joseba eta bere andregaia haien etxera joan zirela haien bitxiak eta dirua itzultzera. Eta, gero, guri herrian lapurrak ginela esaka! Eta ni lotsatuta! Bederatzi urte nituen orduan. Gerra etorri zen, eta aita Bilbora eraman zuten. Gure anaia Iñaki, Mutrikura joan zen, eta handik Donibane Lohizunera, itsasontziz, ze gure amaren familiak itsasontziak zeuzkan Mutrikun. “Txanbelenekoak”, esaten zieten. Hainbeste jende eraman zuten haiek Donibanera [Lohizune]. Ordurako, osaba bat genuen Donibanen, gerra aurretik joana, eta Mutrikuko hainbat jende hartu zuen etxean. Usotegia izena zuen etxeak, bi etxebizitza eta ganbara zituen, eta hemendik joandakoak hantxe egiten zuten lo, lurrean, beste tokirik ere ez zegoen-eta. Eta jateko ere gaizki. Kristorenak pasatu genituen.

Zarauztik Donibane Lohizunera joan zineten ihesi, beraz.
Bai, baina bide luzea egin eta gero. Beste anaia, Joseba, politikan sartuta zegoen, eta Itziarko baserri batean ezkutatu zen lehenengo, baina gero hura ere beste aldera pasatu zen, mendiz. Gu ere mendiz pasatu ginen, Elizondora joan eta Urdazubitik. Gerra sortu zenean ama eta hiru ahizpa Zarautzen gelditu ginen, baina ama atxilotu egin zuten, klaratarren komentuan eduki zuten preso bederatzi hilabetez. Hogeitaka andre atxilotu zituzten. Nazionalistak zirelako! Ama kartzelatik atera zenean, Zarauztik alde egin genuen.

Nola zinen zu, nola zineten hiru ahizpak, ama preso eduki zuten bitartean?
Ahizpa zaharrenak, Itziarrek, zaintzen gintuen. Ni baino hamaika urte zaharragoa zen. Ilea larru-arrasean moztu zioten Itziarri. Berari beste inori ez zioten moztu era hartara ilea Zarautzen!

Ni eskolara joaten nintzen, mojetara, baina itxi egin zuten, eta eskola publikora joan behar izan nuen. Eguerdietan, amari bazkaria eramatera joaten ginen. Beste ahizpa, Arantxa –gaztea zen, hamazazpi urte-edo izango zituen–, falangisten etxeetara joaten zen oheak-eta, garbiketa-eta egitera. Gu plazan bizi ginen, hantxe Guipuzcoano bankua, hantxe kioskoa, eta falangistak eta erreketeak herriren batera sartzen ziren bakoitzean jaialdia egiten zuten. Gure ahizpa Itziar jai haietako batera eraman nahi izan zuten, erakusteko, baina herriko sendagilearen bitartez, Arozena zela uste dut, halakorik ez egitea lortu genuen.

Elkarrizketa osoa irakur daiteke Argia.eus atarian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide