Murkil Zarauzko dendarien elkarteak kanpaina berri bat jarri du abian Gabonei begira. Hori horrela, abenduaren 25a bitartean erosketak egiterakoan boleto bat bete eta zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute bezeroek. Aurten, elkartearen 40. urteurrena denez, 500 euroko bi erosketa txeke, 200 euroko beste lau eta 40 errege-opil zozkatuko dituzte. Dudarik gabe, sari handi bat herriko merkataritzan erosten duen jendearentzat; zozketaren oinarriak www.murkil.com web orrian kontsultatu daitezke.
Horrez gain, Murkilek jakinarazi nahi izan du Gabonetako argiak ordaintzen laguntzen duela Zarauzko Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailarekin batera. Era berean, Murkilek Turismo Bulegoak antolatutako erakusleihoen lehiaketan parte hartzen du, bigarren irabazleari 300 eurorekin sarituz. Bestalde, Gabon giroan murgiltzeko alfonbra gorria duten denda ugari ikusi ahal izango dira laster herriko kaleetan.