Ehunka zarauztarrek egin zuten bat atzo iluntzean Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko aldarriekin. 18:00etan udaletxe aurrean dozenaka herritarrek elkarretaratzea egin zuten Itaiaren deiari jarraiki, eta antolakuntza sozialistaren aldeko defentsa egin zuten gizarte parekidea lortzeko.
18:30ean abiatu zen, berriz, mugimendu feministaren manifestazioa Emakumeen Etxe aurretik. Adin guztietako jende asko elkartu zen han, pankarta eta banderola moratuekin, eta malekoira joan ziren aurrena. Ondoren Musika Plazara eta, azkenik, udaletxe aurrean amaitu zuten protesta.
Malekoian bengalekin egon ziren, herriko eremu hori ere emakume gazteena dela defendatzeko, eta udaletxe aurrean Nerea Loiola, Ainhoa Alberdi eta Maider Lasak ekintza berezia egin zuten. Loiolak Berria egunkarian berak argitaratutako iritzi testua irakurri zuen, eta bitartean, Alberdik eta Lasak performancea egin zuten, arropekin eta hari gorriekin. Emakumeek jasaten dituzten presio guztiak irudikatu nahi izan zituzten horrekin.