Udalak SMH-rekin duen konpromisoa berretsi du 21.300 euroko laguntzarekin

Jabi Gonzalez Toston 2022ko azaroaren 27a

Ezkerretik hasita Vicky Claramount, Patxi Elola, Iratxe Zorrozua eta Andoni Ibarguren. (Jabi Gonzalez Toston)

Zenbateko horrekin Aita Mari ontziaren erregai depositua beteko dute hurrengo misioari ekiteko. Herriko ikastetxeetako 15 eta 16 urteko ikasleekin gaia ari dira lantzen, sentsibilizatzeko.

Zarauzko Udalak eta Itsas Salbamentu Humanitarioa (SMH) gobernuz kanpoko erakundeak elkarlanean dituzten proiektuen berri eman dute. Urteak daramatzate elkarlanean, elkartea 2015ean sortu zenetik, eta Patxi Elola Zarauzko Udaleko Elkartasun zinegotziak adierazi duenez, "udalak hondar ale bat jartzen du beraien proiektuak aurrera ateratzeko. 2017an Aita Mari erreskate ontzia itsasoratu zuten, eta harrezkero, nola edo hala behar dituzten beharrei erantzuten ari gara".

Bada, Aita Mari ontziari eragiten dio, hain zuzen, iragarri duten proiektuetako batek: 21.300 euroko dirulaguntza emango die udalak 2023ko urtarrilean Mediterraneo itsasoan abiatzekoa duten hurrengo misiorako erregai depositua betetzeko. Horregatik, oso eskertuta agertu dira SMHko kideak laguntzarekin, batez ere, oso garesti dagoelako erregaia gaur egun: "Bi euroen gainetik ari gara diesel litroa ordaintzen, eta ondorioz, itsasora irteteak egundoko kostua suposatzen digu", azaldu du Vicky Claramunt SMHko zuzendaritza batzordeko kideak. Horregatik,  udalak emandako dirulaguntzak arnasa emango diela esan du, misioko aurrekontuaren ia erdia ordainduko duelako.


Erreskateez harago

Claramuntek gogoratu du, era berean, itsasoko erreskateez gain ekintza gehiago ere garatzen dituela SMHk. Horien artean dago Zarauzko ikastetxeetan martxan jarri duten programa: Kontzientzia sortzen duten irudiak.

Ikasleek "migratzaileek sufritzen dituzten egoeren inguruko egiazko informazioa jasotzea" du xede programak, Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziak zehaztutakoaren arabera.

Horretarako, bost ordu inguruko saioak ari dira egiten 15 eta 16 urteko ikasleekin, 400 inguru orotara. Duela hilabete hasi zuten dinamika, eta dagoeneko amaitu dute La Salle eta Antoniano ikastetxeetan. Egunotan Salbatore Mitxelena ikastolan ari dira, eta abenduan Lizardin izango dira. Aipatutakoez gain, Zumaiako Lanbide Heziketa zentroa ere programa barruan dago.

Ikasleen enpatia lantzeko egin dituzten ariketen adibiderik ere eman du SMHn boluntario Andoni Ibargurenek: "Maleta bat marrazteko eskatu diegu, eta sar ditzatela bertan eurekin eramango lituzketen bost gauza, momentu horretan bertan Zarauztik alde egin beharko balute. Ondoren, atzean utzi duten guztia zerrendatu diegu: familia, lagunak, kultura, hizkuntza...". Ibargurenek esan du ariketaren helburua dela ikasleei ikusaraztea zenbat gauzari uko egiten dieten aberria uzten dutenek; «hori gutxi ez eta, mespretxuak jasan behar izaten dituzte Euskal Herrira iritsitakoan».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide