Urte berriarekin hasiko dituzte AP-8ko pantaila akustikoak jartzeko lanak Zarautzen

Juan Luis Romatet 2022ko azaroaren 25a

Pantailak ezartzeak zarauztarren bizi kalitatea hobetzen lagunduko duela dio Bidegik.

Bidegik iragarri duenez, Bilborako noranzkoan jarriko dituzte pantaila hauek 1,4 kilometrotan zehar. Aurrekontua 3,2 milioi eurokoa izango da, 14 hilabeteko gauzatze epea izango dute lanek. 

Zarauztik igarotzen den AP-8 autobideko zatian pantaila akustikoak ezartzeko lanak onartu ditu Bidegiren administrazio kontseiluak. Guztira, 1.382 metro linealeko pantaila akustikoak jarriko ditu enpresa publiko honek Bilborako noranzkoan. Aurrekontua 3.265.768 eurokoa (BEZ gehitu beharko zaio) izango da, eta lanen gauzatze epea 14 hilabetekoa izango da. Bidegik ohar baten bidez azaldu duenez, urtarrilaren erdi aldera hasiko dituzte lanak. 

Pantaila berriak Zarauzko ordainlekuaren parean dagoen pisatze baskulan hasi eta Azkenkaleko auzora arte luzatuko direla iragarri du enpresa publikoak. Bi puntu horietan dagoeneko pantailak jarrita daudela ere gaineratu du. 

Obrak urtarrilean hasiko dituzte eta lau zatitan banatuko dituztela azaldu du Bidegik. "Lehenengoa, 40 metroko luzerakoa, pisatze-baskulatik Itxasmendi azpiko pasabideraino joango da; bigarren zatiak Itxasmendi azpiko pasabidea eta Frantsesbideko gaineko pasabide berria lotuko ditu 460 metro luzerarekin, eta hirugarrenak eta luzeenak, 655 metroko luzerakoak, Frantsesbidetik Abendaño azpiko pasabideraino doan aurrealdea beteko du. Azkenik, 105 metroko laugarren zatiak Abendaño eta Azkenkale lotuko ditu, egun etxebizitza-eremu horretan dauden pantailekin bat eginez".

Pantailek 4 metroko altuera izango dute, Itsasmendi eta Abendañoko azpiko pasaguneetan izan ezik; puntu horietan 2 metrokoak izango dira. Euste-sistema berriak ere jarriko dira bi puntu horietan, Bidegik azaldu duenez. 

Obrek autobideko zirkulazioan eragin nabarmenik eragingo ez dutela aurreikusten du enpresak. "Galtzadaren kanpoko bazterbidea hartuko da eta bi erreien zabalera 3,20 metrora murriztuko da, eta, horri esker, bi erreiak irekita mantenduko dira, eta barruko bazterbideak 0,30 metroko zabalera izango du. Horrela, batez beste, egungo plataformatik 3 metro baino gehiagoko zabalera izango duen obra-eremu bat izango da, erreietako bat bera ere itxi gabe lan egin ahal izateko".

Zaraten aurkako ekintza plana

Pantaila akustiko hauek jartzeak zarauztarren bizi kalitatea hobetzen lagunduko duela dio Bidegik, batez ere Herrikosoro kalearen eta Araba kalearen arteko urbanizazioetan. Gaur egun, Zarauzko eremu horretan 4.200 bizilagun inguru daude gaueko ordutegian 55 dezibelio baino gehiagoko zarata mailen eraginpean. Bidegik gaineratu duenez, pantaila hauek jarriko diren lekuan "eragin berezia duten eraikinak ere badaude", Orokietako ikastetxeko eraikinak, edota Lizardi institutua, esaterako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide