Azaroaren 25a

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko Zarauzko Udalaren adierazpena

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 25a, 14:00

Zarauzko Udaleko ordezkari politikoek adierazpena irakurri dute eguerdian. (Aritz Mutiozabal)

Gaur Arazoaren 25a da, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna. Goizean herriko ikastetxeetako ikasleek Lege Zaharren enparantza egin behar zuten ekitaldia bertan behera geratu da eguraldiaren eraginez. Eguerdian, berriz, udaleko ordezkari politikoek adierazpen instituzionala irakurri dute, Emakumeen aurkako sexu-jazarpena eta beste sexu-indarkeria mota batzuk espazio publikoetan izenburupean.

"Emakumeek, herritar oso gisa, eskubidea dute espazio publikoa berdintasun-baldintzetan erabiltzeko eta gozatzeko; azaroaren 25ean, hain zuzen, horixe aldarrikatu nahi dugu, emakumeak horrela bakarrik lortuko duelako bere eskubideak bermatzea eta askatasun indibiduala eta kolektiboa garatzea.

Espazio publikoak eta pribatuak gizonen eta emakumeen artean banatzeko dikotomia gainditzeko bidean, aurrerapen batzuk lortu dira, emakumeek, mugimendu feministek eta beste erakunde batzuek banaka eta taldean egindako ahalegin handiaren bidez. Hala ere, oraindik izugarrizko aldea dago batzuen eta besteen artean, bai bizitza publikoan izan dezaketen parte-hartzean, bai gure hirietako eta herrietako kaleen gozamenean eta erabileran.

Berdintasunezko erabilera hori eragozten duten mekanismoen artean, arreta berezia jarri nahi dugu mundu osoko emakumeek eta neskek espazio publikoetan sufritzen duten sexu-indarkerian.

Indarkeria matxista normalizatuaren testuinguruan emakumeen eta nesken aurka egiten den sexu-indarkeriak helburu garbi bat du, funtzio sozial zehatz bat: emakumeak kontrolatzea eta haien askatasuna murriztea. Eta, zehazki, jaietako eta aisialdiko testuinguruetan egiten den sexu-indarkeriak kontrol-funtzio hori betetzen du. Kontrola ezartzen du emakumeen sexualitatean, desioaren adierazpen askean, haien gorputzetan, mugikortasunean, espazio publikoaren okupazioan, gizarte-harremanetan eta, oro har, berdintasun-baldintzetan gozatzeko eskubidean.

Beraz, tokiko administrazioen betebeharra da espazio publikoak emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko leku lagunkoietan bihurtzea, haien politika publikoen eta hiri-plangintzaren bidez.

Ildo horretan, Zarauzko Udalbatzarrean onartutako IV PAREKIDETASUN PLANAren barruan aurreikusita dago Zarauzko udalerria genero-ikuspegitik aztertzea (Mapa Morea egitea) eta azterketa horretan detektatutako gabeziak konpontzea.

Hain zuzen, azterketa horren helburu nagusia da emakume eta neskentzako inguru babestuak, seguruak, sexu-indarkeriarik gabekoak, zaintzaileak eta ahalduntzaileak bermatzea. Azterketa egiteko lehen urratsak martxan jartzen ari gara.

Kontuan izan behar dugu segurtasuna ez dela erreklamatutako eskubidearen helburu bakarra, baizik eta emakumeek eta neskek aukera edukitzea espazio batean bizitzeko eta askatasunez sozializatzeko, espazioa bere egiteko eta eraldatzeko, haien interesen, nahien eta beharren arabera.

NBEren HIRI SEGURUAK ETA ESPAZIO PUBLIKO SEGURUAK mundu-ekimenak emakume eta neskentzako espazio publiko seguruak eta ahalduntzaileak sustatzen ditu, sexu-jazarpenik eta bestelako sexu-indarkeriarik gabekoak, BERDINTASUNAREN ETA EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIARIK GABEKO BIZITZEN ALDEKO HERRI ITUNAren ildo beretik.

Esparru horretan, Zarauzko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

  1. Ondo ezagutzea zein modu dauden emakumeei espazio publikoaren erabilera ukatzeko, gero tokiko politiken diseinuan eta garapenean kontuan hartzeko. Horretarako egingo dugu Zarauzko Mapa Morea.

  2. Lege eta politika integralak eta eraginkorrak bultzatzea, espazio publikoetan sexu-indarkeriari aurrea hartzeko eta erantzuteko; eta gaitasunak, sentsibilizazioa, komunitate-mobilizazioa eta beste estrategia batzuk garatzea.

  3. Jarreretan eta portaeretan aldaketak bultzatzea, emakumeek eta neskek indarkeriarik gabeko espazioez gozatzeko duten eskubidea bermatzeko; eta errespetuzko genero-harremanak, genero-berdintasuna eta espazio publikoetako segurtasuna sustatzea.

  4. Mapa Morearen azterketaren emaitzen ondorioz, inbertsioak sustatzea espazio publikoetako segurtasun errealean eta antzemandakoan, eta hiri-plangintzan genero-ikuspegia ziurtatzea, emakumeen beharrak kontuan har daitezen.

  5. BERDINSAREA indartzea tokiko jardunbide onen sare gisa, ekimenei eta jardunbide egokiei buruzko ezagutzak trukatzeko, eta emakumeentzat eta neskentzat hiri eta herri seguru eta inklusiboak lortzeko.

  6. Beste erakunde eta administrazio batzuekin —besteak beste, Emakunde eta foru aldundiak—, gizarte-sarearekin eta feministekin lan egitea, emakumeek eta neskek aukera izan dezaten espazio publikoaz segurtasunez eta berdintasunez gozatzeko."

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide