Azaroaren 25a

Milatik gora ikaslek bat egingo dute ostiral goizean indarkeria matxistaren aurka

Aritz Mutiozabal 2022ko aza. 23a, 10:40

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko ikasleen ekitaldia. (Zarauzko Hitza)

Arratsalderako bi mobilizazio deitu dituzte; alde batetik, Urola Kostako Itaiak, eta bestetik, Morroxkak eta Zarauzko Bilgune Feministak.

Hezkidetza Foroak antolatuta, Ostiral honetan, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean, Zarauzko ikastetxeetako ikasle eta irakasleek elkarretaratzea egingo dute Lege Zaharren enparantzan. Ohi bezala, Hezkidetza Foroak antolatu du egitasmoa, eta herriko zazpi ikastetxeetako 1050 ikasle inguru elkartuko dira 11:15etik aurrera.

Elkarretaratzean ikastetxeetako ordezkariek indarkeria matxistaren aurkako manifestua irakurriko dute, eta bertan guztientzako tratu ona aldarrikatuko dute. Bukatzeko, gaiaren inguruan Aner Peritz bertsolariak sorturiko bertsoa abestuko dute guztiek batera.

Azaroaren 25eko ekitaldiak arratsaldean jarraituko dute. Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki lelopean, Urola Kostako Itaiak mobilizazioa egingo du 18:00etan Lege Zaharren enparantzan.  Ordu erdi geroago, 18:30ean, Emakumeen* Etxetik abiatuta, Indarkeriaren kontrol kateetatik askatu! manifestazioa egingo dute Morroxkak eta Zarauzko Bilgune Feministak deituta.

Bestalde, udaleko Berdintasun sailak prestatuta, El Acusado filma proiektatuko da Modelo aretoan ostiralean bertan, 20:00etan. Larunbatean, berriz, indarkeria matxistaren biktimak aitortzeko ekitaldia egingo dute Belauntzaran plazan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide