Indarkeria matxista

"Herritarrekin osatu dugu indarkeriaren kontrako protokoloa"

Maria Maya Manterola 2022ko aza. 25a, 09:00

Bi urteko prozesuaren ondoren, Indarkeria Matxistaren Kontrako protokoloa osatu dute Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitateko lau udalerrietarako, horien artean Errezilerako eta Beizamarako. Udazkena heltzearekin batera egin dituzte aurkezpenak bi herri horietan. 

Elena Rikondo gizarte langilearen hitzetan, "herritarrekin batera" egin dute protokoloa idazteko bidea, eta Farapi elkartearen laguntzarekin: "Talde feministak eta gainerako eragileak gonbidatu genituen, herritarrekin batera egin nahi genuelako lana eta ez  genuelako nahi instituzioen proiektu bat izatea  eta herritarrengandik urrun geratzea". Aurkezpenetan iradoki nahi izan dute gertutasun  hori, kalean bertan plazaratu baitute lanketa. 

Indarkeria zeri deitzen zioten definitzea izan zen lehenengo pausoa. Indarkeriaren definizio  komuna adostea, alegia: "Zertaz ari gara  hizketan? Zer da indarkeria matxista? Gure  gizartean daukagun arazo handienetakoa da  indarkeria matxista, eta azken urteetan, bereziki  mugimendu feministaren lanari esker azaleratu  da. Hasierako lanketa horretan ere, asko jardun  genuen mikromatxismoaren gaiaz". Gero, saioak  egin zituzten herrietako medikuekin, Ertzaintzarekin, epaitegietako langileekin,  abokatuekin, indarkeria jasandako emakumeekin... Rikondok azaldu duenez. Saio  haietan zehaztu zuten gaia nola landu, eta  triptiko "xume" bat izan da emaitza.

Triptikoa "oso bisuala, hitz gutxikoa eta  telefono bakar bat zuena" izatea nahi zuten, eta,  horrekin batera, bideo bat ere osatu dute,  triptikoa etxez etxe banatu ondoren zabalduko  dutena. Ikus-entzunezko hori bide desberdinetatik zabalduko dutela azaldu du Rikondok. Gainera, "kolektibo desberdinetara" iristeko asmoz, hainbat tokitan landuko dute protokoloa: "Herri eskolan landuko dute, aisialdi zerbitzuaren  bidez ere jorratuko da gaia, eta ahalik eta  kolektibo gehienengana iristeko lan egingo  dugu". 

"Herritarrekin egin dugu, ez genuelako nahi herritarrengandik urrun geratzea" 

Rikondoren arabera, zaila izaten da herrietan  indarkeria kasuak badirela onartzea, eta  ikusgarritasun hori lortzeko bidean pauso  garrantzitsua izan da protokoloa lantzea. Gizarte  langilea "pozik" dago herritarrekin batera  egindako lanarekin: "Nik ez nuen aurrez halako  lanik egin, eta are gutxiago horrelako gai bat  lantzeko. Kalean gaiari buruz hitz egitea pauso  handia da". 

Indarkeria matxistaren aurka egiteko tresna bat edukitzea zen helburua, baina lanketa "aitzakia ederra" izan da herritarrekin komunitatea osatzeko ere: "Hori izan da helburu  garrantzitsuena".

Azaroaren 8an dira berriz ere elkartzekoak,  indarkeria matxistaren inguruko datuak eskuen  artean dituztela. Azaroaren 25aren inguruan zer  antolatu adostuko dute, bide batez. Talde horri  jarraipena ematea gustatuko litzaieke datozen  hilabeteetan ere: "Jendea aktibo mantendu nahi dugu,  baina iIkusiko dugu zer  ateratzen den. Esfortzu  handia eginda, baina jendea  mugitzen ari da"

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide