Eraztun Berde Urdineko argazki rallya izango da igandean

Maria Maya Manterola 2022ko azaroaren 8a

Parte hartzaileek argazkiak atera beharko dituzte Vista Alegreko parkean, Zingira basoan, Santa Barbaran eta Mutxion. Gune horietako biodibertsitatea herritarren artean ezagutarazteko xedea du lehiaketak. 

Eraztun Berde Urdina egitasmoari lotutako ekintza ugari izango da udazkenean, eta Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak iragarri duenez, argazki rallya izango da lehenengoa. Parte hartzaileek herriko zenbait gunetan argazkiak atera beharko dituzte, bertako biodibertsitatea ezagutzera emateko helburuarekin. 

Gazteei nahiz helduei zuzendutako lehiaketa da, eta antolatzaileek jakinarazi dute sariak izango direla. Hain zuzen, gazteen kategorian 100 euro jasoko ditu bilduma onena aurkezten duenak, eta 50 euro argazki originala egiten duenak. Helduen kasuan, berriz, 180 eta 80 euroko sariak banatuko dituzte, hurrenez hurren. 

Izena emateko, zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera idatzi edo 943-00 51 59 telefono zenbakira deitu beharko da. Hemen kontsulta daitezke lehiaketako oinarriak. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide