'Vidas en Positivo' dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia asteazkenean Modelon

Jabi Gonzalez Toston 2022ko azaroaren 7a

Fernando Vera ikus-entzunezkoaren zuzendariak eta GIB/HIESa duten pertsonekin lan egiten duen Indiako erakunde bateko bi emakumek hartuko dute parte emanaldian. Sarrera doakoa izango da.

Indian GIB/HIES gaitza duten pertsonen errealitatea islatzen du Vidas en Positivo dokumentalak. Gaixotasuna izatearen gogortasuna eta estigma, bereziki. Fernando Verak zuzendu du eta hainbat testigantza jasota osatu du ikus-entzunezkoa. Etzi, asteazkena, Modelo aretoan izango da ikusgai udalak, Calcuta Ondoan Gobernuz Kanpoko Erakundeak, Zarauzko Solidaritate Koordinadorak eta ACASGIk (HIESAren aurkako Gipuzkoako Elkartea) antolatu duten emanaldi berezian.

Dokumentalaren proiekzioarekin batera solasaldia ere izango da, non Verak hartuko duen parte. Alboan,  Vishwas erakundeko bi emakume izango ditu, Shusma Dung Dung zuzendaria eta Beena Yadav taldeko kidea. Indiako Indore hiriko erakundea da Vishwas, eta GIB/HIESa duten pertsonei arreta eta ematen egiten du lan, emakumeei batik bat. Erakundeak Calcuta Ondoan GKEaren babesa du 2006az geroztik eta orain, ACASGIrekin ere ari da elkarlanean esperientzia trukaketa bitartez. Elkarte gipuzkoarra Indian izan zen pasa den irailean eta egunotan Indoreko erakundeko ordezkariak dira Gipuzkoara etorri direnak, esan bezala.

Modelo aretoan egingo den asteazkeneko bideo solasaldia 19:30etan hasiko da eta sarrera doakoa da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide