Webgune berritua du Zarauzko Arte eta Historia Museoak

Juan Luis Romatet 2022ko azaroaren 6a

Juanjo Aranburu eta Irune Urbieta, webgune berrituaren aurkezpeneko prentsaurrekoan (Zarauzko Udala)

Webgune berriak lau atal nagusi izango ditu, eta informatiboa izatea du helburu. Zarauzko hainbat emakume eta gizonen profilak ere txertatu dituzte web berrituan. 

Zarauzko Arte eta Historia Museoaren webgune berria (www.menosca.com) aurkeztu du Zarauzko Udalak. Museoko bisitarien harrera eta bisita gidatuen zerbitzua eskaintzen duen Arazi enpresa arduratu da webgunea berritzeaz. Itxura berritua izateaz gain, edukiari eman diote garrantzia.

Irune Urbieta (EAJ-PNV) Kultura zinegotziak prentsaurrekoan azaldu zuenez, "urte batzuk pasa dira web orria martxan jarri zenetik eta, dagoeneko, aldaketa batzuk behar zituen egungo eskaerei erantzuna emateko. Gure helburua izan da aurrekoa baino dinamikoagoa eta intuitiboagoa egitea, hau da, informazioa ahalik eta modu errazean azaltzea". "Museoa 2002. urtean zabaldu zen, eta bertako hezurrak eta eraikuntzen aztarnak baino gehiago da, herriko iragana eta garai bateko bizitzeko modua ezagutzeko lanabesa ere izatea da gure helburua", gaineratu zuen zinegotziak. 

Arazi enpresak hartu du webgunea berritzeko ardura, eta enpresako kide Juanjo Aranburuk argitu zuenez, "gaur egungo beharrei erantzun" nahi izan diete. Webguneak lau atal nagusi dituela ere adierazi zuen Aranburuk: Zarauzko Arte eta Historia Museoa, Zarauzko Historia, Ikastetxeak eta Erreserbak. Informazioa era sailkatuan aurkezten da eta era berean, museoaren erabiltzaile ezberdinentzako erabil erraza izan dadin antolatu dute. Bi hizkuntzatan garatu da webgunea, euskaraz eta gazteleraz.

Horiez gain, Zarauzko gizon eta emakume esanguratsuei ere tarte bat egin nahi izan diete webgunean. "Parekidetasuna bultzatu nahi izan dugu. Beti ere, gizonen izenak nagusitu dira, baina hemen saiakera berezia egin nahi izan dugu emakumeen izenak ere plazaratzeko. Zarauzko emakumeei aitortza bat egin nahi izan diegu", azpimarratu zuen Aranburuk. 

Ordutegia urte bukaerara bitartean

Zarauzko kanpandorreak, Santa Maria la Real parrokiak eta bi eraikinetan aurkitutako aztarnategi arkeologikoak osatzen dute Zarauzko Arte eta Historia Museoa. Urte bukaerara bitartean ostiraletik igandera zabalduko ditu ateak: ostiraletan eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara; igande eta jaiegunetan, berriz, arratsaldez bakarrik, 16:00etatik 18:00etara. Sarrerako prezioa 2 euro da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide