Telmo Irureta: “Interesgarria litzateke minusbaliotasuna aipatzen ez duten istorioak edukitzea gure pertsonaiek”

Aritz Mutiozabal 2022ko azaroaren 4a

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Hitz egin dezagun sexuaz. Baina hitz egin dezagun gurpil aulki batean eserita eta gorputzeko atalak mugitzeko aukerarik gabe. Hausnartu gabeziez eta karentziez, baina baita premiez eta eskubideez ere. Minusbaliotasuneko tabuak hautsi eta ikusgarri bihurtu. Horrela aurkezten dio Telmo Iruretak (Zumaia, 1980) publikoari Sexberdinak antzezlana, Aitziber Garmendia bidelagun duela. Baleike aldizkariko elkarrizketa irakurgai.

Komediatik badu, eta tragediatik ere bai, eta bizitza bera bezain gordina da. Horrexegatik edukitzen ari da harrera ona taularatzen ari diren toki guztietan, eta hitzorduak nonahi sortzen ari zaizkie. Gaur, 20:00etan hasita, Modelo aretoan taularatuko dute, baina duela astebete baino gehiagotik agortuta daude sarrerak.

Maiteminduta al zaude?
Hori polita da, baina ni oraindik ez nago maiteminduta.

Eta antzerkiaz?
Hori bai! Antzerkiaren magiaz maitemindu nintzen, bai.

Noiz sentitu zenuen fletxazoa?
Antzerki eskolan izan zela esango nuke. Betidanik gustatu izan zait interpretazioaren mundua, baina antzerki eskolan konturatu nintzen benetan zer interesantea den teatro giroa. 2012an hasi nintzen eskolan eta 2015ean bukatu nuen, eta harrezkero antzerti munduan nabil buru-belarri.

Esaten dute maitasuna eta sexua ez direla gauza berdinak.
Ez, ez dira.

Sexberdinak al dira?
Antzezlanean esaten dugu sexu ez dela beti maitasuna, baina maitasuna badela sexua. Esaldi nahasgarria dirudi, baina ideiak oso garbi ditut.

Tabuak hautsi nahi izan dituzue proiektu honekin. Izan ere, minusbaliotasun bat duzuenok badirudi gizartearentzat ez duzuela sexurik, ezta sexu harremanekin ere. Haur txikiak bagina bezala ikusten gaituzte edo aingerutxoak bezala. Gure ezgaitasunetara mugatzen gaituzte, eta ez dira konturatzen gaitasunak ere baditugula.

Antzezlan hau Geuretik sortuak egitasmoaren barruan sortu zen. Aspalditik al zeneukan ideia buruan?
Egia esan, bai. Mireia Gabilondo zuzendariarekin beste lan bat egin nuen 2017an, Strip-tease izenekoa, eta gaiarekin bazeukan lotura zuzena. Bertan, estereotipoei, biluzteari eta desioei buruz hitz egiten zen, eta oso gauza intimoa egin genuen minusbaliotasunaren gaia jorratuz. Hori horrela, beste zerbait egiteko gogoz geratu ginen, eta hortik tiraka sortu da Sexberdinak, Kepa Errastirekin batera idatzi dudana.

Zaila izan al da biluztea?
Ez, niri ez zait zaila egin. Gainera, niretzat pixka bat terapeutikoa izan da. Nire gauzak kontatuta ez dira jada nire barruan geratzen direnak, baizik erakusten duzun zerbait da, edota ikasteko... Izan ere, publikoaren erreakzioekin ere asko ikasten da.

Minusbaliotasun bat duzuenok badirudi gizartearentzat ez duzuela sexurik, ezta sexu harremanekin ere. Haur txikiak bagina bezala ikusten gaituzte edo aingerutxoak bezala.

Agertoki gainera igo, zure errealitatea kontatu eta tabu horiek azaleratu dituzunean, publikoaren aurpegia nolakoa izaten da?
Barre egiten dute, eta negar pixka bat ere bai. Komediatik badauka, baina baita puntu dramatikoa ere. Gustuko dut publiko aurrean biluzten naizelako, baina, era berean, lasai nago, zeren taula gainera igotzen dena ni izateaz gain, pertsonaia ere bada. Beraz, inork ez daki zer puntutaraino naizen ni eta zer puntutaraino den pertsonaia eszenatokian hitz egiten ari dena.

Beraz, autofikziotik ere badu antzezlanak.
Hori da. Kontatzen diren gauzak batzuk nireak dira, gauza asko. Antzezlaneko pertsonaiak eta nik antza handia dugu, baina ez naiz ni. Orduan, hara! Tranpatxo bat egiteko lizentzia hartzen dut nahi dudana kontatzeko.

Nolanahi ere, zu zeu ere bazara txantxazalea eta zirikatzailea, ezta?
Beti izan naiz horrelakoa. Jendeak badaki nolakoa naizen. Ni pixka bat ezagututa segituan dakizu hori.

Terapeutikoa izan da zuretzat. Terapeutikoa izan al daiteke zure egoera berean dagoen jendearentzat? Etorri al zaizu norbait eskerrak ematera?
Bai, etorri zait eskerrak ematera nire egoera antzekoan dagoen jendea, baita minusbaliotasuna kanpotik bizi dutenak ere. Mutil batek esan zidan bazela garaia gure sexualitateari, eskubideei eta egoerari buruz hitz egitekoa. Antzezlan honek zerbaitetarako balio baldin badu, ni oso pozik!

Antzezlanak harrera oso ona izan du. Espero al zenuen halako oihartzunik izatea?
Aurreikusten nuen, bai. Proiektua bukatu genuenerako, 25 emanaldi lotuta genituen, eta hori sekulako zortea zen, are gehiago pandemia ondoren. Gainera, berezitasun moduan, publikoa gurpil aulkietan eserarazten dugu ni bezala, apur bat nire egoerara gerturatzeko.

Eta sexualitateaz hitz egiten hasten zara...
Baita maitasunaz ere.

Zaila da maitasun harreman bat aurrera eramatea zuk bezalako egoera batean dagoen pertsona batentzat?
Zaila da, baina ez gaitasun ezagatik, baizik besteen beldurrengatik edo aurreiritziengatik. Jendea ez dago prest ni bezalako norbaitekin egoteko. Hori aldatzeko, ea pixkanaka-pixkanaka zerbait egiten dugun. Behintzat, antzezlanak irauten duen denbora horretan ikusleari hausnartzeko balio badio, primeran!

Aktore moduan ere handicap-a litzateke gurpildun aulkian interpretatzea. Hori muga bat da paperak lortzeko garaian, ezta?
Zailagoa da, noski. Beti zarena zarelako izango duzu zailtasunen bat: emakumezko pertsonaiak gutxiago daude gizonezkoenak baino, adibidez, baina minusbaliotasuna duen pertsonaiak are gutxiago dira emakumeenak baino. Bakoitzak du bere zailtasuna. Nolanahi ere, iruditzen zait interesantea dela minusbaliotasuna erakustea errealitatean bezalaxe. Hain zuzen ere, egunerokoan gurpil aulkian dabil jendea, eta telebistan edo antzerkian gutxitan ikusi dut nik. Hori islatzea inportantea dela uste dut. Orain defendatu behar dugu minus pertsonaia gehiago.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide