Zarauzko Surf Elkartearen enkarguz egin duzu horma irudia surf txapelketa herrikoiaren azken egunean, igandean.
Bai, Aritz Irureta Piru eta bioi eskatu ziguten horma irudia egiteko, gero surf eskolako egoitzaren sarreran jartzeko. Txapelketa jokatzen ari zirenez, kalean margotzea erabaki genuen, gure ustez arteak baduelako lotura zuzena surfarekin, edo uretan ibiltzearekin; baita itsasoarekin eta itsasoan murgiltzearekin ere. Eta lotura hori eginez margotu dugu.
Nola banatu duzue lana?
Itxura orokorra nik eman diot, eta azken ukituak, berriz, Piruk, elkartearen logotipoa jarriz etab.
Margolanean olatua atzeman daiteke.
Oinarria itsasoa da, eta hala esan genien surf elkartekoei bozetoa aurkeztu genienean, beraien oniritzia behar genuelako. Beraz, ez da erabat intuitiboa izan margolana, banekielako olatua egingo nuela, baina olatu hori gauza asko izan daitezke, olatu motak ere asko daudenez: handiak, txikiak, orillerak, atzekoak, aurrekoak, okerrak, goikoak, behekoak... Itsaso azpira sartzen garenean, itsasoarekin dugun lotura hori transmititu nahi izan dut, berdin du taularekin, paipuarekin, nahiz gorputzarekin sartu. Denok mantentzen dugu konexioa itsasoarekin. Itsaso barruan gauza asko gertatzen dira, eta hortxe ibili naiz, etekina ateratzen margolaneko koloreei.
Igandean hasi eta amaitu zenutan lana.
Bai, eta esan bezala, malekoian bertan marraztearen arrazoia izan zen azpimarratzea arteak naturarekin eta itsasoarekin duen harremana.

Margotzen aritu bitartean ikusleek iritzirik eman zizuten?
Jendeak, normalean, edo esaten dizu oso polita dela, edo isilik gelditzen da. Ni ez naiz zer polita-ren aldekoa; nahiago izaten dut margotutako horrek hausnarketara bultzatzen badu. Ziur nago, zenbat eta gehiago begiratu margolanari, orduan eta barrurago eramango gaituela, itsaso barrenean bezala. Hausnarketa hori norberari uzten diot, ordea, ez delako ez ona, ez txarra, bakoitzarena baizik.
Zeu nola sentitu zara?
Oso pozik nago, zarauztarra izanik, badudalako itsasoarekin lotura zuzena, eta iruditzen zait itsasoak berak mezu asko eman ditzakeela, eta gainera, norberari pertsonalizatua, bere bide horretan lagunduko diona, eta ni, margolanaren bidez, horretan saiatu naiz. Badakit inoiz ez naizela itsasoaren mailara iritsiko, baina nahi nuen itsasoan inspiratutako zerbait gelditzea hor, horman zintzilik.
Halako beste proiekturik edo erakusketaren baduzu esku artean?
Bizitzak beste toki batean kokatu nau eta ate batzuk ixten ari naiz momentu honetan, baina aurrera begira, agian erakusketaren bat gustura egingo nuke, bai. Asko gustatzen zaidan bidea da hau, eta nahiko nuke jorratu. Diseinu grafikoa eta webguneak egiten ditugu gure lanean, baina lanaz gain, ni neu hau ere banaiz [margolana seinalatuz], eta gustatuko litzaidake gai honi berriz heltzea hurrengo urtetik aurrera, edo, eta ekitea emozioen mundu horri modu intuitiboan kolorea jartzen, ikuslegoari zerbait transmititzeko, musikari batek bere musikarekin egiten duen bezala.