Aitor Olea Juaristi organo-joleak kontzertua eskainiko du igandean parrokian

Jabi Gonzalez Toston 2022ko azaroaren 3a

Aita Madina izan zena gogoratzeko emanaldia izango da, haren heriotzaren 50. urteurrenean. Nazioartean jo duen eskarmentu handiko musikaria da Olea.

Aitor Olea Juaristi organo-jole durangarrak Francisco de Madina Igartzabal, Aita medina, apaiz eta musikagile oñatiarrari eskainitako kontzertua emango du igandean, azaroaren 6an, Andra Mari Zeruratzea parroki elizan. Aita Madinaren heriotzaren 50. urteurrenaren harira antolatu dute emanaldia.

Olea Bergarako Pedro Deunaren Elizak duen 1889ko Soltz-Frères organoaren organo-jole titularra da egun eta Lekeitioko Basilikako 1854ko Cavaillé-Coll organoarena izan zen aurrez. Horrez gain, 15 disko argitaratu ditu eta kontzertu ugari eman ditu nazioartean, hala nola, Alemanian, Irlandan edota Italian. Musikariaren hastapenei erreparatuta, Arrasaten eta Donostian gauzatu zituen lehen musika ikasketak eta Bilboko eta Gasteizko kontserbatorioetako ikasle ere izan zen. HAin justu, Gasteizen egin zituen organo ikasketak eta ohorezko aipamena eta goi-mailako titulua lortu zituen.

Hauxe da igandean Andra Mari Zeruratzean eskainiko duen kontzertuko abesti zerrenda: Euskal Sonata (1.mugimendua), Funeral March, Scherzo, Sursum, Legend, Ludens, Suplices, Duo in unom, Venite, Laetare, Laus Deo, Festinemus, Postlude eta Toccata.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide