Ia hilabete igaro da Arima Soulek Arima Soul I diskoa plazaratu zuenetik, taldearen lehen lan luzea. Erritmo ugari uztartzen dituen eta oso dantzagarria den musika egin dute, Lidia Insausti (Donostia, 1993) abeslariaren hitzetan. Publiko aurrean ere aurkeztu dute dagoeneko, eta izan dituzten lehen sentsazioak azaldu du Zarauzko bizilagunak.
Zer-nolako harrera izan du diskoak lehen egunetan?
Nahiko gustura gaude, egia esan. Urriaren 14an eman genuen lehen kontzertua Donostian, Lugaritzeko kultur etxean, eta positiboa izan zen bertaratu ziren ikus-entzuleengandik jasotako erantzuna. Gainera, bertan egin genituen diskoaren lehen aurrez aurreko salmentak. Online ere saldu ditugu eta entzun dutenek esan digute abesti alaiak eta dantzagarriak iruditu zaizkiela orokorrean. Asko eskertu digute inpresio horiek.
Lehen lan luzea duzue, aurrez EPa kaleratu zenuten. Alde handia dago batetik bestera?
EPa esperimentua izan zen. Taldeko estiloa erabat zehaztu gabe genuen oraindik eta elkar ezagutzen ari ginen. Bost abesti egin genituen, eta bi eratara jaso genituen: abestuta eta modu instrumentalean. Gainera, lasaiagoak ziren. Diskoak, aldiz, zortzi kanta ditu, aurrekoak baino laburragoak dira, baina martxosoagoak. Bagenekin zer jaso nahi genuen, eta horregatik, esan daiteke gure pertsonalitatea erakusten duen diskoa dela, gure nortasuna.
Horrez gain, letretan ere antzeman daiteke bi lanen arteko aldea. Abestiak idaztean mezuren bat helarazten ahalegintzen naiz beti; nire bizitza pertsonalarekin zein gai sozialekin izan dezake lotura. Guztietan daude hausnarketak. Hala ere, argitu behar dut jorratutako gaiak ez ditudala neronek alde bakarrez erabaki, Makalarekin adostu ditut.
Hainbat estilo uztartu dituzue: soula noski, funka ere bai, jazza... Zein helbururekin nahastu dituzue guztiak?
Taldearen izenari berari, arimari, zentzua emateko. Alaitasuna transmititu eta publikoari eragin nahi diogu, festara bultzatzen duen musika aktiboa egin. Horregatik, New Orleans-eko (AEB) estilora gerturatu nahi izan dugu eta swing kutsuko zerbait egin. Beste arrazoietako bat izan daiteke, era berean, pandemiatik aterata askatasun sentipena transmititu nahi dugula berriro. Bestalde, taldekideetako bakoitzaren bertute edo indarguneak ere hartu ditugu kontuan. Ni, esaterako, soulean sentitzen naiz erosoen; Paul San Martinek bluesera eta boogie-ra jotzen dut gehiago; Gorka Gaztanbideren estiloa jazza da; eta Makalaren inguruan zer esan... guztietan moldatzen da ondo.
Pandemia aipatu duzu, hain justu ere, orduan sortu zenuten taldea. Beraz, nahiko modu aldrebesean izan zela esan daiteke. Azken batean, elkartzeko aukera gutxi zegoen. Nola moldatu zarete diskoari forma emateko?
Arraroa da, baina orduan eman genion forma taldeari, bai. Arriskatzea erabaki genuen. Dena den, aurretik jada harremanetan geunden eta taldea osatzeko erabakia hartuta genuen. Kontua da,etxean sartu behar izan genuenez, ezin izan genuela kontzerturik eskaini atera arte. Hala ere, denbora ez genuen alferrik galdu, konposaketa lanetan aritu ginen egoerara egokituz etengabe; izan ere, taldekideren batek gaitza harrapatzen zuenean ezin genuen elkartu, eta elkartutakoan ere maskara jarri behar genuen. Oztopoak oztopo pixkanaka lortu genuen nahi genuen musika lantzea.
Pandemiari lotuta, era berean, diskoaren azalak ere egiten dio erreferentzia. Txarly Brown katalanak diseinatu du eta konposaketarako baliatu duen borobil zuri-beltzak nolabait islatzen du pandemia atzean utzi dugula: borobil erdia zuria da eta beste erdia beltza, eta irudikatu nahi duena da iluntasunetik argitasunera pasatu garela. Dena den, gauza gehiago ere sinbolizatzen ditu, besteak beste, beltzen musika egiten dugun zuriak garela.
Zergatik jarri diozue taldearen izena diskoari ere?
Arima Soul I izendatu dugu gure proiektuaren lehenengo emaitza dela zehazteko eta pentsatuz bigarren lan luzea etorriko dela gero. Gerta daiteke, bigarren lan horri beste izen bat ematea ondoren, baina lehengoarekin Arima Souli eustea erabaki genuen, esan bezala, hori delako proiektu orokorraren izena, gure marka.
Elkar argitaletxearekin kaleratu duzue, haiekin grabatu duzuelako diskoa. EPak, aldiz, Makalaren Orrua Diskak zigilua darama soilik. Aurrerapausoa suposatu al du horrek?
EPa Pottoko estudioetan grabatu genuen Fredi Pelaezekin Beasainen, baina Orrua Diskak markaren babesean atera genuen, bai. Orain Elkarren zigilua daramagu eta haien estudioetan grabatu dugu diskoa. Egia esan, oso gustura gaude lan handia egin dutelako eta asko lagundu gaituztelako. Elkar bezalako argitaletxe batekin aritzeak abantaila ugari ematen ditu, gainera. Azken batean, eskarmentu handia dute, Euskal Herriko txoko guztietara heltzen dira, eta ondorioz, sustapena errazagoa da. Dena den, Orrua Diskak zigiluari oraindik eusten diogu eta online salmenta batzuk webgune horretatik ere egin ditugu.
Sustapen lan horretan lagungarri izango zaizuen Girando Por Salas zirkuiturako aukeratu zaituztete. Zenbateko garrantzia du zuentzat?
Sekulakoa. Azken finean, guztira aurkeztu diren 676 musika talderen artean 26 soilik hautatu dituzte. Beraz, oso zaila da bertan sartu ahal izatea. Aurrez izan ditudan beste proiektu batzuekin ere egin izan dut ahalegina, baina aurten arte sekula ez dut lortu. Sari honi esker bidaiatzeko dirulaguntza jasoko dugu eta gure musika Euskal Herritik kanpo erakutsi ahal izango dugu jendaurrean lehen aldiz. Hori bai, oraindik ez dakigu non eta noiz joko dugun. Dakigun bakarra da sei kontzertu eskainiko ditugula eta abendutik aurrera izango direla.
Diskoa plazaratu berritan berau erakusteko prozesuan zaudete orain, baina akaso dagoeneko jarriko zineten Arima Soul II izango litzatekeenari begira. Baduzue ideiaren bat buruan?
Oraingoz ez dugu luzera pentsatu. Lehendabizi diskoak zer nolako sentsazioak sortzen dituen jakin nahi dugu. Hala ere, esango nuke begi onez ikusten dugula hasitako bideari jarraipena ematea. Esan bezala, festara eta dantzara bultzatzen duten erritmoak sortu nahi ditugu, musika bizia, arima duena.