Azken txanpan sartu da Nazioarteko Ahotsak ekimena; izan ere, bihar eta etzi abestuko duten Ukrainako Sofia Chamber Choir eta Letoniako Tiara Riga Cathedrals Girls Choir taldeen emanaldiekin agurtuko dute aurtengo edizioa. Kontzertu ezin aproposagoak azken trakarako, zeren eta amaitu berri den 53. Tolosako Abesbatza Lehiaketan irabazle izan dira biak.
Frantziskotarren elizako oholtza gainera bihar igoko den talde ukrainarra da bereziki nabarmentzekoa, lau sari irabazi baititu: ganbera abesbatza onenaren saria polifonia atalean zein folklorean, publikoaren saria eta Kutxa saria. Bestalde, Tiara Riga Cathedrals Girls Choir letoniarra haur abesbatza onena izendatu dute.
Bi abesbatzen emanaldiak 20:00etan hasiko dira eta sarrerak kontzertu egunean bertan jarriko dituzte salgai Frantziskotarren Elizaren atarian.