Ez ustean iritsi zaio Ugazi Manterolari Espainiako selekzioaren lehen taldearekin debuta egiteko aukera. Junior selekzioarekin zegoela jakinarazi zioten min hartuta dagoen Maitane Etxeberria ordezkatu behar zuela.
Gauzak horrela, Aiala Zarautzeko jokalaria azken orduan sartu zen Suitzaren aurkako partidarako deialdian eta hainbat minutu jokatzeko aukera izan zuen. 36-27 gailendu zen Espainia eta bide batez, Espainiako Nazioarteko Txapelketa irabazi zuen. Ondorioz, Manterolak lehen titulua ere bereganatu du selekzioarekin. Emaitzaz haratago, jokalaria oso gustura agertu zen eman zioten aukerarekin: "Ez nuen deia espero inondik ere, bezperan abisatu didate eta oparia da niretzat" aitortu zien partida aurretik Espainiako Eskubaloi Federazioko komunikazio zerbitzuei. Gainera, Espainiako selekzioaren lehen taldeko elastikoa inoiz jantzi duen jokalari gazteenetakoa da; izan ere, 17 urte baino ez ditu.
Partida amaituta, Jose Igancio Prades hautatzaileak eskerrak eman zizkion Manterolari erakutsi zuen prestutasunagatik eta etorkizun oparoa duela nabarmendu zuen hedabideetan.