Elkarlanean jaso dituzte Iñurritzako biotopoan moztutako kanaberak

Jabi Gonzalez Toston 2022ko urriaren 30a

Boluntarioek larunbat goiz osoa eman zuten kanaberak biltzen biotopoa babesteko.  Arkamurkak mozketa gehiago eskatu diozkio aldundiari espezie inbaditzaileak ahultzeko urtean bat egitea nahikoa ez dela iritzita.

Hogei bat lagun aritu ziren lurreko kanaberak jasotzen Iñurritzako biotopoan atzo goizean. Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen departamentuak moztu zituen lurraldeko natur eremuaren zaintza lanen barruan eta Zarauzko Udalak eta Arkamurka Natur Taldeak egin zuten haiek elkarlanean jasotzeko deialdia. Atxiki ziren boluntarioak eguerdia arte jardun zuten kanaberak biltzen eta biotopoaren kanpoaldean pilatu zituzten guztiak. Astean zehar jasoko ditu Txukun Lorazaintza enpresak dagokion lekura eramateko.

Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia ere aritu zen auzolanean eta Zarauzko Hitzari emandako adierazpenetan pozik agertu zen herritarren erantzunarekin eta gisa honetako ekintzen duen garrantzia azpimarratu zuen: "Sentsibilizaziorako oso lagungarriak dira, baina baita biotopoa babesteko ere; zeren, jasoko ez bagenitu, hemen geratuko ziren".

Horren harira, Arkamurkako lehendakari Aitor Leizak azaldu zuen aldundiak erabaki zuela kanaberak ez jasotzea. Batetik, lan handia delako, eta, bestetik, material organikoa delako. Leizaren esanetan, ordea, materia organiko hori ez da egokia Iñurritzako biotopoa bezalako inguru batean: “Mendian aberasgarria da, baina hemen ez da ona hondar asko dagoelako. Ondorioz, materia organiko hori usteldu egiten da. Gainera, inguruan putzuak daudenez, ur horretan ere eragiten du; kutsatu egin dezake”. Horrez gain, Leizak dio kanaberak urtean behin moztea ez dela eraginkorra: “Ebaki dituzten kanaberak ez dira bertakoak, Asiatik ekarritakoak dira eta inbaditzaileak. Horregatik, gure fauna eta biodibertsitatea babestu nahi baditugu eta erraztasunez hedatzen diren espezie horiek akabatu, ahuldu egin behar ditugu. Horretarako ordea, sarri egin behar dira mozketak”.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide