Goiz osoko jardunaldia egingo dute azaroaren 5ean, gaur zortzi, Zarauzko Emakumeen* Etxean, Alternatiba ekofeministak eraikitzen lelo hartuta. Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamenduak, Emakumeen* Etxeak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak antolatu dute saioa, eta ingurumen degradazioaz, klima aldaketaz eta behartutako desplazamenduez ariko dira, eta ahotsa emango diote "beren lurren alde borrokatzen duten emakumeen esperientziei".
Horretarako, "bizitza eta zaintza erdigunean kokatzen duten kontsumo, produkzio eta harreman alternatiba lokaletara" gerturatuko direla azaldu dute antolatzaileek.
Jardunaldia 10:00etan hasiko da, eta 14:00etan amaitu. Tartean atsedena hartuko dutela jakinarazi dute, eta dinamizatzaileak Coni Carranza Castro herri hezitzaile feminista eta Berta Malvarez Diez Natur Zientzietan lizentziatua eta herri hezkuntzan aditua izango dira. Zehar-Errefuxiatuekin taldeak ere parte hartuko du ekitaldian.
Izena eman nahi duenak 688 71 90 58 telefono zenbakira deitu beharko du.