Asteazkenean bukatuko da Bertakoak ekimeneko bazkarietan izena emateko epea

Aritz Mutiozabal 2022ko urriaren 31

Bertakoak ekimena aurkeztu zuten Francisco Zurbaran elkartean proiektuko hainbat parte hartzailek. (Zarauzko Udala)

Aurtengo edizioa azaroaren 5ean ospatuko da, eta 11 herrialdek hartuko dute parte herriko 11 elkarte gastronomikotan.

Azken urtetako etenaren ondoren, kultur aniztasunaren Bertakoak ekimenari berriro heldu diote eta azaroaren 5ean ospatuko dute, larunbat honetan. Egitasmoaren barruan antolatu dituzten bazkari berezietan parte hartu nahi duten herritarrek asteazkenera arte izango dute izena emateko aukera, immigrazioa@zarautz.eus posta elektronikora idatzita edota 943-00 51 27 telefono zenbakira deituta. Bazkariak 10 euroko prezioa izango du, eta elkarte bakoitzeko edukiera muga hamabi lagunekoa izango da.

Aurtengo edizioan 11 elkartek eta 11 herrialdetako sukaldariek hartuko dute parte, eta bakoitzak norbere herrialdeko jaki tradizionalak prestatuko ditu, animatzen den orok dasta ditzan. Hauek dira aurtengo parte hartzaileak: Alkartasuna elkartean Guatemala, Arranon Ekuador, Batzokian Maroko, Cachi Bachin Nikaragua, Ezkertoki elkartean Paraguai, Francisco Zurbaran elkartean Brasil, Galeperran Mexiko, Gure Kabian Euskal Herria, Itxas-Mendi elkartean Senegal, Iñurritza Jubilatu eta Pentsionisten elkartean Honduras eta Kurpil elkartean Sahara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide