Iñaki Peña: "Zarauzko Torreoia toki paregabea litzateke hileta zibilak egiteko"

Zerbitzuak 2022ko urriaren 31

Heriotzaz eta doluaz lanketa egiten aritu dira azken urteetan Zarautz Herri Zaintzailea taldeko kideak, eta urrats bat gehiago emanez, hileta zibiletan laguntza ematen hasiko dira hala behar duten familiei.

Zarautz Herri Zaintzailea taldea 2018an hasi zen heriotzaren, doluaren eta zaintzaren inguruko pedagogia egiten. Death Cafe saioak antolatzen hasi ziren, eta gaur egun doluarekin eta zaintza aringarriekin lotutako hitzaldiak, saioak eta halakoak antolatzen dituzte. Orain, hileta zibilak prestatzen lagundu nahi diete zarauztarrei eta ingurukoei. Iñaki Peña mediku eta taldeko kideak azaldu ditu proiektuaren xehetasunak.

Heriotzaz eta doluaz lanketa handia ari zarete egiten. Orain, hileta zibilen arloari ekin diozue; agurraren uneari garrantzia handia ematen diozuelako?

Duela urte batzuk hasi ginen pentsatzen gai honetan ere lagundu behar genuela. Oso esparru zabala eta berria da, eta beraz, dena dago egiteko. Pertsona batzuk ari dira proiektuak prestatzen, baina gauzatu, gutxi gauzatu da. Errituak oso inportanteak dira, bai; esparru erlijiosoan egin dira historikoki oraintxe arte, eta horrela jarraitzen du izaten gizartearen zati batentzat, baina beste batzuei ez die balio. Momentu honetan noraezean gaudela esango nuke: ez bada elizan, ez dakigu zer egin.

Bi gauzak ere egin daitezke, ezta?

Bai, eta uste dut jende askok egiten duela.

Errituen garrantzia azpimarratu duzu.

Bai. Eta, heriotzaren inguruko errituek, zehazki, funtzio bat baino gehiago dutela uste dut: batetikik, balio du ohartzeko heriotza benetakoa dela, zeren batzuetan, doluaren shock egoeran, ez gara konturatzen. Batzuek uste dute hiletako egunak pasatzean dena amaitzen dela, dolua hori bakarrik balitz bezala. Baina ez. Agurra lehenengo urratsa da, eta horregatik, inportantea da. Beste funtzio bat da jendearen beroa sentitzea: lagunak, familia, komunitatea, herria... sartzen dira hor. Alde horretatik, elizan egiten denak balio handia du, espazio handiak direlako.

Zarutzen badaude hileta zibilak egiteko espazioak?

Bai. Batetik, Memora beilatokiak eskaintzen du areto bat. Bestetik, Zarauzko Udalak ere baditu izendatuta horretarako tokiak: Villa Munda da bat, eta Etxezabala, bestea. 2009ko araudia dute, eta hor jartzen du denbora muga baterako alokatzen dutela, eta eskaera aurrez egin behar dela udaletxean, zuzenean alkatetzara joz. Begiratzen aritu naiz ea beste herrietan ere badagoen antzeko araudirik, eta toki askotan jada oso zehaztuta dituzte tokiak, ordu mugak, gorpua edo errautsak sar daitezkeen ala ez... Guretzat, dena den, herrian badago beste toki oso apropos bat halako gauzetarako: Torreoia. Sinbolikoki indarra du, sekulako paisaiaz goza daiteke bertatik, eta leku lasaia da.

Hileta zibil batean, zertan lagunduko zenukete, zehazki?

Gaur egun, gaixotasunen bat daukanak eta hil aurretik denbora duenak oso zehaztuta uzten du hiltzen denean nolako agurra nahi duen, edo bere familiak ere denbora izaten du guztia prestatzeko. Modu pribatuan, familia asko ari dira egiten aspalditik halako zeremoniak. Baina heriotza bat-batekoa denean edo familia emozionalki ez dagoenean ondo, gutxieneko gidaritza behar izaten da. Gehienek zerbait xumea nahi izaten dute, sermoi luzerik gabekoa, ahalik pertsonalizatuena. Musika da halako zeremonietako ardatzetako bat, eta beti egon ohi da testu, poema edo bertsoren bat. Liturgiaburu edo elizkizunburu papera egitea litzateke gure egitekoa; azken batean, apaiz edo moja laikoen lana egitea.

Halako laguntza nahi lukeen familiarik balego, zuekin harremanetan jar daiteke jada?

Bai. Zarauztarrak izan edo inguruko herrietakoak, lasai jar daitezela gurekin harremanetan zarautzherrizaintzailea@gmail.com helbidera idatzita.

Hileta zibiletan zer paper dute familiakoek eta lagunek?

Nik uste dut elizan baino errazago animatuko liratekeela parte hartzera, eta inportantea dela emozioak libreki askatu ahal izateko ere: tristurak badu tokia, noski, baina baita esker onak eta umoreak ere. Pertsona hori ohoratzeko aukera ematen du. Gainera, hileta zibilak ez dauka izan beharrik pertsona hil eta hurrengo egunean; aste batzuetara izan daiteke, gertukoak lasaiago daudenean.

Eta umeek zer toki dute agurretan? Oro har, 6 urteko ume batek ondo ulertzen du gertatzen ari dena, eta eraman egin behar genuke bai beilatokira, bai elizara edo antolatzen den bestelako agurrera. Eta txikiagoa izanda ere, umeak eskatzen badu egotea, egon egin behar du. Errespetatu egin behar da. Alderantziz, nahiago badu ez egotea, hori ere errespetatu egin behar da. Orain arte ez gara ari ondo [gizartea], umeak babesteko asmoz heriotza bera ukatzen ari garelako eta umeak infantilizatzen ditugulako. Akatsa da hori.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide