Neguko jaien zikloa hastear da

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko urriaren 28a

Arropa zaharrak jantzita eta aurpegia estalita mozorrotu behar da Gau Beltzean, Alproja taldekoak bezala. (Alproja)

Gau Beltza ospatzeko ekitaldiak antolatu dituzte han eta hemen urriaren 31rako, datorren astelehenerako. Ospakizun horrek neguko festen zikloari hasiera ematen dio, eta Zarautzen 19:00etan hasiko da kalejira, Jalgi eta Alprojaren eskutik.

Azken urteotan hainbat antropologok eta idazlek egindako ikerketen arabera, Euskal Herrian Gau Beltza ospatzeko ohitura bazen garai batean, eta Aiako, Getariako, Orioko eta Zarauzko zenbait eragilek, jaia berreskuratzeko asmoz, hainbat ekitaldi antolatu dituzte urriaren 31rako, datorren astelehenerako.

Zarauzko Jalgi dantza taldeko kideek azaldu duenez, «Gau Beltzak neguko festen zikloari hasiera ematen dio: badator negua, lurra lokartzeko garaia. Ziklo hori Santa Agedan amaitzen da, makilen hotsarekin berriz lurra esnatuz».

Hala, hiru ezaugarri nagusi ditu Euskal Herriko Gau Beltzak: «Batetik, etxetik hartutako edozein trapu edo jantzi zaharrekin mozorrotu daiteke, beti ere aurpegia estalita; bestetik, kalabazak hustu, aurpegi itxura eman eta kaleko bide bazterretan jartzen dira, eta etxez etxeko eskea ere egiten da, neguko zikloko festa guztietan bezala», azaldu dute.  

Atzerritik iritsitako Halloween jaiak bertakoa ordezkatu ez dezan, azken urteetan zabaldu diren erdarazko trick or treat edo truco o trato esapideen ordez, euskaraz tradizio luzea dutenei eusteko deia egin du Zarauzko Jalgi dantza taldeak: Xanduli manduli kirrikiki, eman jatekoa guri.

Zarautzen Jalgi dantza taldeak antolatu du Gau Beltza,  Alproja antzerki taldeoekin lankidetzan, eta herriko familiei eskaera egin die kalabazei aurpegi itxura eman eta eraman ditzatela urriaren 31n, 18:00etatik aurrera, Lege Zaharren Enparantzara, kalabazaz betetzeko. Kalabazak nola husten diren erakusten duen bideoa ere ikusgai jarri dute Youtuben.

Hasiera 19:00etan emango diote, Musika Eskolatik abiatuta, eta hiru ordu laurdeneko kalejira egingo dute; Kasino kalea, Gipuzkoa kalea, Musika Plaza eta handik Lege Zaharren enparantzara, tartean geldialdiak eta ezusteak izango dira. Ondoren, antzezlan txiki bat eta dantza emanaldia izango da Lege Zaharren Enparantzan. Jalgiko eta Alprojako kideek parte hartuko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide