Gesoerrekatik ekin dio udalak Garate-Santa Barbarako eremu babestuan basoak lehengoratzeko lanei. Artelatza berreskuratzea da helburua eta, hori horrela izanda, espezie exotikoak kendu eta bertakoekin ordezkatuko dituzte. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak 28.341,80 euro eman dizkio Zarauzko Udalari. Natura 2000 Sarearen bueltan, udalak 2019an erosi zituen bi lursailak Garate Santa Barbarako eremuan, 84. 138 euroren truke. Udalak azaldu duenez, "ingurumen balio handikoak" dira eremuok.
Monterrey pinua eta sasiarkazia kendu nahi dituzte, gehienbat, eta artelatzak landatu ahal izateko soilguneak irekitzea ere bada udalaren ideia; horretarako, ia 400 metroko itxitura bat jartzea da asmoa, sartzeko bi aterekin. Artelatzez gain, haritz arrunta, ametza eta gurbitza ere landatuko dituzte. Guztira, 500 zuhaitz inguru izango dira landatuko dituztenak. Udalak adierazi duenez, ez da "inola ere" eskurik hartuko malda handiko eremuetan, higadura arrisku "handia" dagoelako eremu horietan.
Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, "eskertuta" daude Aldundiarekin dirulaguntza hau jaso dutelako. Izan ere, artelatzak lehengoratzeak baso horretako "biodibertsitatea berreskuratzen eta hobetzen" laguntzen du. Gaineratu duenez, basoen kontserbazioa "funtsezkoa" da klima aldaketaren aurkako borrokan.