"Oso pozik nago". Harrotasun horrekin aurkeztu zuen Nerea Loiola idazleak gaztetxoei zuzendutako 7G Udalekuak bere azken lana; Erein argitaletxearen eskutik argitaratu du, eta Zarauzko Udalaren dirulaguntza ere jaso du lana garatzeko orduan. Liburu berezia bezain berritzailea da euskal letretan, bi egitura nahasten dituelako: alde batetik, Aukeratu zure abentura moldekoa da, eta bestetik, scapebook bat ere bada. Erein argitaletxeko editore Uxue Razkinek argi utzi zuen nazioartean egiten direla horrelako argitalpenak, baina honakoa euskaraz egin den lehena izan dela. Eta zehaztu nahi izan zuen Zarauzko bizilagunarengandik sortu zela ideia.
Loiolak bere gaztaroko oroitzapenak ekarri zituen gogora lan berriarekin lotura egiteko. "11-12 urte genituela, irakasleak liburu bati buruzko lana egiteko eskatu zigun, eta liburutegira joan ginen liburua aukeratzera. Irakasleak muturra okertu zidan, Aukeratu zure abentura bildumako bat hartu nuelako. Lana egin nuela nolabait, baina liburuarekin liluratuta geratu nintzen, eta bildumako guztiak irentsi nituen", kontatu zuen.
Duela urtebete semea halako liburu batekin topatu zuela azaldu zuen, baina eskaintza gaztelaniazkoa zela, eta horrek tristura eman ziola. Ogi gogorrari hagin zorrotza, dio atsotitzak, eta idazle izanik, abenturan murgiltzea otu zitzaion, Aukeratu zure abentura bat euskaraz idazteko erronkari helduz.
Hala, hainbat orritako eskema korapilatsu bat landu zuen, eta aurkezpenean erakutsi zituen orri haiek guztiak. Irakurleak bere abentura aukeratzeko bide horretan osagarri berri bat topatuko duela gaineratu zuen Loiolak: scapebook-a, hain zuzen ere. Irakurketan aurrera egiteko kode batzuk lortu beharko dira, eta horiek abenturan agertuko diren enigmak asmatuta eskuratuko ditu irakurleak.
Irakurlea identifikatzea
7G teknologia erabiltzen duen udaleku batean abiatzen da istorioa, eta 27 izeneko gazte bat da protagonista. Idazlearen asmoa da irakurlea pertsonaiarekin guztiz identifikatzea, azkenean beraiek hartuko dituztelako erabakiak eta emango diotelako istorioari jarraipena eta amaiera. Horregatik, ez du inolako xehetasunetan sartu nahi izan pertsonaia eratzerakoan, eta ez dio inolako genero identitaterik zehaztu. Gauza bera gertatuko da bere lagunekin; protagonista 27 da eta haren lagunak 17, 37 eta 47. Udalekuetan zerbait arraroa edo arriskutsua gertatuko da, eta hortik ihes egitea erabakiko du lagun taldeak.
Laguntasuna, umorea, bigarren aukerak, teknologia, robotak... osagai asko dituen liburua da. 7G Udalekuak liburuaren helburu nagusia da euskaraz irakurriz ondo pasatzea eta entretenitzea. Hasiera batean, 10-14 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako liburua da, baina adin muga hori betiere orientatiboa izaten da, eta horrek ez du kentzen helduek ere gozatu ez dezaketenik.
"Adin muga bat jarri den arren, niretzat oso gustagarria izan da lan hau idaztea eta, egia esan, asko gozatu dut. Beraz, helduak ere animatu nahi ditut irakurtzera, batez ere gaztetan liburu gorri haiekin gozatzen zuten haiek", luzatu zuen gonbidapena idazleak.