Zarautz izan da Dendatu autodiagnostikorako tresna probatu duen lehen herrietako bat. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamentuak sustatu eta Sinnple enpresak garatu duen tresna honekin ekonomia zirkularra bultzatzen jarraitu eta saltokien ingurumen-jarduera hobetu nahi da aldundiko eta udaleko ordezkariek hainbat dendariren aurrean azaldu dutenez.
Edonola ere, Enrique Ramos Gipuzkoako Obra Hidraulikoetako zuzendariak esan du sentsibilizazioa ez dela helburu bakarra: "Trantsizio ekologikoak eskatzen dituen ahaleginei aurre hartzeko eta lehiakortasuna indartzeko tresna ere bada Dendatu". Ixidor Larrañaga Zarauzko Merkataritza zinegotzia ere agertu da Ramosekin batera, "gure merkataritza sekulako altxorra da eta uste dugu tresna egokia dela dendarientzat trantsizio ekologikora egokitzeko ahaleginak eta bi egiten ari diren honetan".
Bide horretan, tokiko merkataritza indartsua duten herrietan hasi dira tresna martxan jartzen. Zarautzen dozena bat merkatarik dagoeneko erabili dute Sinnple enpresako Maria Rodriguezen gidaritzapean. Negozioen autodiagnostikoa egitea izan da lehen urratsa eta ordu laurdenean bete duten hemezortzi galderako galtegiaren bitartez lortu dute emaitza lau arlotan: establezimendua, lan-taldea, produktua eta negoziotik kanpoko jarduerak baloratu dira. Halaber, arloetako bakoitzean hobetzeko lau ekintza sinple egiteko proposamena ere jaso dute. Galdetegian emandako erantzunak aintzat hartu dituzten proposamenak.
Erreminta dendatu.eus webgunean dago eskuragarri bere negozioaren autodiagnostikoa egin nahi duen gipuzkoar guztientzat.