Larunbatean jasoko dituzte Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen departamentuak Iñurritzako biotopoan moztu dituen kanaberak eta horretarako laguntza eskatu diete herritarrei Arkamurka Natur Taldeak eta udaleko Ingurumen sailak. Egin beharreko lana moztutako kanaberak biotopoaren kanpoaldean pilatzea izango da, ondoren Txukun Lorazaintza enpresa arduratuko baita horiek bildu eta dagokion tokira eramateaz. Gasolindegi parean dagoen Zubiaurre Berri (Kaskatxuri) baserriaren ondoan jarri dute hitzordua 09:00etan.
Arkamurkako kideek azaldu dutenez, elkarlanean egindako ekintza honekin sentsibilizazioa bultzatu nahi dute herritarrek ulertu dezaten espezie inbaditzaileek biodibertsitateari eragiten dioten kaltea. Azken batean, horixe da kanaberak kentzearen arrazoi nagusia, landareen garapena ez oztopatzeko eta biodibertsitateari eusteko mozten dituzte. Esan bezala, Aldundia da mozketa egiteaz arduratzen dena, biotopoaren zaintza lanen barruan.
Ildo beretik, Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak adierazi du natura zaintzeko beharrezkoa dela ekosistema bakoitzean garatu behar diren espezie desberdinak babestea. Horretarako deia ere zuzendu die herritarrei: "Guztion artean elkarlanean lortu dezakegu oreka ekologiko horri eustea"