"Komunikazioarekin zerikusia duen guztia gustatzen zait"

Ane Olaizola 2022ko urriaren 25a

Arantxa Aldalur, Azkoitiko eliz atarian. (Argazkia: Ane Olaizola)

Ume zela erein zuen Arantxa Aldalurrek poesiarako zaletasuna, eta pasio horrek gaztetan eman zituen aurreneko fruituak. Ondoren, 22 urtez, Debako eta Zarauzko udal euskaltegietan aritu zen irakasle lanetan, eta egun, Zarauzko Udalean egiten du lan, Hezkuntza Saileko arduradun gisa. Azkoitiarrak han du bizilekua duela 22 urtetatik.

Ilusio berezia" egin dio Maxixatzenen elkarrizketarako gonbidapenak, eta Zarauztik Azkoitira joan-etorria egiteko aprobetxatuz, hitz jario ederrez eta jaioterriko hizkera hitzean eta hortzean duela erantzun ditu galderak. Zaila da Arantxa Aldalur (Azkoitia, 1963) hitz bitan aurkeztea, hainbat "egonezin" dituen emakumea baita.

Poesia idazlea, euskara irakaslea, telebista zein kaleko saioen aurkezlea... Nor da Arantxa Aldalur?

Komunikatzailetzat dut nire burua, batez ere. Klaseak ematea asko gustatu izan zait, haurra nintzenetik dut gustuko laguntzea. Andereño izan nahi nuelako ikasi nuen Magisteritza, eta Turismoa ikasi nuen gero. Hizkuntz Plangintza diplomatura ere badut; gogoko ditut hizkuntzak, hitz egitea eta komunikatzea, batez ere. Aurkezpen lanak ere egiten ditut herrian, eta Erlo Telebistan ere aritu naiz gauza batzuk egiten; saltsa hori asko gustatzen zait. ETB1eko Airean saioan, berriz, hamabi bat emankizun egin nituen tertuliakide gisa. Zeregin asko etorri egin zaizkit: ekitaldiak aurkeztea, saioetan parte hartzea... Eta proposamen guztiei baietz esaten diet. Izan ere, mundu hori ikaragarri gustatzen zait. Orain zera esaten dut: berriz jaioko banintz, kazetaritzaren alorretik egingo nuke ibilbidea. Aipatu ditudan gauza horiek guztiak zaletasunak dira, ogibidez Zarauzko Udaleko Hezkuntza departamentuko arduraduna bainaiz. Hala ere, lanean egin izan ditut komunikazioari lotutako gauzak: duela hainbat urte, esaterako, tertuliak antolatu nituen, frantsesez eta ingelesez. Han ere oratoria lantzen nuen [barreak]. Komunikazioarekin zerikusia duen guztia gustatzen zait. Berritsu jaio gara, eta...

1980ko hamarkadan hasi zenuen ibilbidea literaturan, eta 20 urterekin argitaratu zenuen aurreneko poesia liburua: Itsas oiartzunetan oro malenkonia. Hiru urteren ondoren, berriz, Hainbat gau izarrik gabe. Biek ala biek sariak eskuratu zituzten. Ordutik, beste hiru poesia liburu kaleratu dituzu: Hasperen gisa; Amodio eta desamodio poemak eta Ilunetik... argira.

Aurreneko saria Gipuzkoako Foru Aldundiak eman zidan, eta sari hura Xabier Leteren eskutik jaso izanak sortu zidan ilusio gehien. Bigarren saria eta liburu argitalpena, berriz, Euskaltzaindiarenak izan zen. Zera esan zidan Alfonso Irigoienek orduan: "Hain gazte, eta dagoeneko saria irabazita". Animatu egin ninduen hark idaztera. Hirugarren saria Lasarte-Orian (Gipuzkoa) eman zidaten. Ondoren, beste lehiaketa batera aurkeztu nintzen, baina ez nuen saririk lortu, eta lanak neure kontura kaleratzen hasi nintzen. Bi autoedizio txiki egin nituen, aurreneko hiru liburuak pixka bat txukunduta. Ipuinak ere idatzi ditut, baina horiek etxean, txokoan, ditut gordeta.

Idaztea ere zaletasunen artean sartzen dut. Ez naiz batere lotsatia, baina poesiaren kontuak pixka bat lotsatu egin izan nau beti. Kostatu egiten zait idazlea naizela esatea, baina bien bitartean, Euskal Idazleen webgunean agertzen naiz. Emakume askori gertatzen zaigu hori; gizonezko batek zerbait irabazten du eta hark idazletzat du bere burua, baina nik hiru sari irabazi ditut, baita hainbat artikulu idatzi ere, eta oraindik ez naiz idazle kontsideratzen.

Zer-nolako bilakaera izan dute zure lanek?

Hasieran, maitasun poemak sortzen nituen. Idatzi nuen azken liburua Ilunetik...argira izan zen. Garai hartan, une pertsonal gogorra igaro nuen, eta bizitako hori atera nuen argitara; nola igaro nintzen gaizki egotetik ondo egotera.

2013an itxi egin al zenuen literaturaren bidea?

Hasiera batean, bai. Pentsatu nuen hura ez zela nire bidea eta beste bat hasi behar nuela. Orain konturatzen naiz poliedroak garela eta gauza bat hor lagatzeak ez duela esan nahi betirako utzi behar duzunik. Egin daiteke pixka bat denetik; neurria hartzea da kontua, eta horretan nabil. Orain, sortzeko momentua iritsi zait berriz.

Sortzen jarraitzen duzu, beraz.

Orain, sortze puntuan nago berriz ere. Batzuetan, ematen du ez garela ezer egiten ari, baina ingurukoa xurgatzen ari gara. Une hori ez da idazteko momentua, baina jasotzen ari zara, asko. Bulkada asko izaten ditut; egon naiteke tarte bat ezer idatzi gabe, eta kontatzeko gauza askorekin gero. Kontatzeko prozesu horretan, aurrenengo, barrurako lan bat egoten da, eta gero ateratzen da.

Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?

Haurra nintzenetik dut gustuko. Eskolan, literatura asko gustatzen zitzaidan. Gogoratzen naiz literaturako liburuaren bukaeran poesia zatiak egoten zirela eta horiek irakurriz zaletu nintzela. Irakurtzea betidanik asko gustatu izan zait, baina, egia esan, ez dakit idazten noiz hasi nintzen. Txikitako lagunek esaten didate azterketaren bat gainditzen ez bazuten, errimak eginda lau hitz bidaltzen nizkiela animo moduan... Ez naiz horrekin akordatzen, baina bai hitzekin jolastea asko gustatzen zitzaidala. Euskara gehiago ikasten eta hizkuntza maitatzen hasi nintzenean, hiztegira jo eta sinonimo asko bilatzen nituen, eta ondoren, sinonimo horiekin hitz jokoak egin eta sentimenduekin lotzen nituen... Horretan beti jolastu izan dut, baita orain ere. Poesia hizkuntz ariketa bat da niretzat.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide