Salbatore Mitxelena ikastolakoen bi lan, Arnasetik bideosormen lehiaketaren finalisten artean

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 25a, 10:10

99 lan aurkeztu dituzte, guztira, Arnasetik lehiaketara. (Arnasa Gara)

Uemak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Arnasa Gara egitasmoaren barruan antolatu duten lehiaketaren sariak ostiralean banatuko dituzte Amasa-Villabonan. Euskararen arnasgune diren herrietako 10 eta 16 urte arteko ikasleek hartu dute parte, hiru mailatan banatuta; Zarauzko ikasleen lanak DBH 3 eta 4koen mailako lau finalisten artean daude.

Ostiralean, urriaren 28an, banatuko dituzte Arnasetik bideosormen lehiaketaren sariak Amasa-Villabonan (Gipuzkoa), eta Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako ikasleen bi lan daude saria jasotzeko hautagaien artean. Gurea antzokian izango da sari banaketa ekitaldia, 18:00etan hasita; "sorpresa ugari" iragarri dituzte ekitaldiaren antolatzaileek, tartean, Sara Alonso musikariaren emanaldia.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema), Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak sustatutako Arnasa Gara egitasmoaren barruan antolatu dute lehiaketa, euskararen arnasgune diren udalerrietako gaztetxoek hizkuntza ohituren gainean hausnartuz beren sormena landu dezaten. Antolatzaileak gustura daude, lehiaketa berriak "erantzun aparta" izan duela iritzita. "Guztira 99 lan aurkeztu dituzte euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako 10 eta 16 urte bitarteko ehunka gaztek", azaldu dute.

Adinaren araberako hiru mailatan lehiatu dira ikasleak –LH 5 eta 6koen maila, DBH 1 eta 2koena, eta DBH 3 eta 4koena–, eta maila bakoitzeko ikasleek aurrez ezarritako irizpide edota oinarri batzuk jarraitu behar izan dituzten beren sormen lanak osatzeko. Urriaren 5ean bukatu zen lanak lehiaketara aurkezteko epea. Maila bakoitzean izendatu dituzten lau finalistak zeintzuk diren jakinarazi dute orain antolatzaileek, eta DBH 3 eta 4koen kategoriako lau finalisten artean daude Salbatore Mitxelenako ikasleen Sormen tailerra eta Sormen tailerra 2 lanak. Arnasa hartu bideodeia (Tolosa, Gipuzkoa) eta Minerva eta Mariloli (Bera, Nafarroa) dira kategoria horretan beste bi finalistak. Denera, zazpi lan aurkeztu dituzte lehiaketara DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleei zuzendutako mailan.

2.000 euro banatuko ditu saritan Arnasetik lehiaketak. Kategoria bakoitzeko lan onenari eta publikoaren sariaren irabazleari 500 euroko sari bana emango diete, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITBko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide