Pro Zarautz surf txapelketa bost egun iraun baditu ere, azken egunera arte zain egon behar izan da irabazleen izenak jakiteko. Berez, larunbat arratsaldean jokatu behar ziren open kategoriako finalak, gizonetan zein emakumeetan, baina itsasoaren egoeragatik txanda horiek igandera mugitzea erabaki zuten antolatzaileek.
Hala, adaptative edo surf egokituko txapelketako finalekin batera, open kategoriako finalak ere igande goizean jokatu ziren. Itsasoa nahiko bare zegoen, eta olatu txikiekin erakutsi behar izan zuten beraien trebetasuna surflariek.
Open kategoriako irabazlea, gizonetan, Peru Zuñiga izan zen, eta bera da txapelketa berri honetako lehen irabazlea. Keoni Lasak lortu zuen bigarren postua, Ethan Egigurenek hirugarren postua eta Francisco Morosinirek laugarren postua. Emakumeen kasuan, Janire Gonzalez-Etxebarri zumaiarra izan zen irabazlea; Laine Fernandezek bigarren postua lortu zuen, Saioa Ortegak hirugarren postua eta Nora Alvarezek laugarrena.
Europako WSL txapelketa irabazi berri duen Gonzalez Etxabarri gustura zegoen lortutako garaipenarekin. "Beti da gustukoa etxean irabaztea. Gaur [igandeagatik] ez ditugu larunbatean bezalako olatuak izan, baina ondo egon da. Gainera, egun hauetan hemen egon den giroa izugarria izan da. Futbol partida bat zirudien batzuetan", azaldu du zumaiarrak. Berez, datorren urtarrilera arte ez du Gonzalez-Etxabarrik beste txapelketarik jokatuko, baina horrek ez du esan nahi atsedenaldirik hartuko duenik. "Hawaiira noa orain eta seguru han ere olaturen bat hartuko dudala".
Adaptative edo surf egokitua
Aurten lehen aldiz adaptative izeneko txapelketa ere jokatu da Zarautzen, kirolari egokituen parte hartzeari pauso handi bat emanez. Gipuzkoa osoan egin den surf egokituko lehen txapelketa izan da Zarauzkoa.
Kategoria desberdinetan jokatu da txapelketa hau, eta hauen sariak ere atzo arratsaldean eman zituzten.
Stand 1 kategorian, lehen postua Ibon Mugerzarentzat izan zen, bigarrena Ibon Gurrutxagarentzat, hirugarrena Eduardo Odriozolarentzat, laugarrena Hugo Madrugarentzat eta bosgarrena Abel Andraderentzat. Stand 2 kategorian, Xuban Aiestaran izan zen irabazlea, eta atzetik Laurie Phipps, Joseba Mercader eta Laura Domingues sailkatu ziren. Stand 3 kategorian, aldiz, Eric Dargentek irabazi zuen, eta Mireia Cabañesek bigarren postua lortu zuen.
Kneel kategorian, Maxime Cabanne izan zen irabazlea, Ibon Oregi bigarren geratu zen, Thomas Freitas hirugarren eta Ibai Hervas laugarren.
Prone 1 kategorian, lehen saria Marcos Tapiak jaso zuen, eta bigarrena Pierre Porchatek; Prone 2 kategorian, berriz, Sarah Almagrok lortu zuen garaipena; atzetik Celine Rouillard, Nuno Vitorino eta Ander Goenaga sailkatu ziren.
Azkenik, Visual 1 kategorian, Espainiako surf egokituko txapelduna, Aitor Frantzesena Gallok irabazi zuen txapelketa, Thomas Da Silva, Marta Paço eta Efren Mompean aurretik. Visual 2 kategorian, Pierrot Gagliano izan zen irabazlea, eta, ondoren, Oscar Pérez, Lou Mechiche eta Alvaro Menendez sailkatu ziren.
Omenaldia Gallori
Une hunkigarriak ere bizi izan ziren txapelketaren sari banaketa ekitaldian. Izan ere, antolatzaileek omenaldi xume bezain beroa eskaini zioten Aitor Frantzesena Gallori. 2020an munduko txapelketa irabazi zuen eta, orduan, Covidagatik, ezin izan zuten omendu. Aurten berriro ere irabazi du txapelketa hori, eta etxean jokatutako txapelketaz baliatu dira txapela eta garaikur bat emateko txapeldun handiari.
Pozik eta hunkituta zegoen Gallo jasotako omenaldiarekin. "Covida zela eta 2020an ezin izan zidaten ezer eman. Gainera, gaixorik itzuli nintzen; ospitalean egon nintzen. Hori guztia kontuan izatea gaurko egunean, Zarauzko txapelketa irabazi, eta munduko txapelketetan izandako garaipenak gogoratzea nire jaioterrian… hitzak falta zaizkit sentitzen dudana esateko. Oso-oso polita".
Surflari egokituentzako txapelketa antolatzea ere txalotu du Frantzesenak. "Gu munduan zehar aritzen gara, eta zure etxean bertan halako txapelketa bat antolatzea oso pozgarria da".
Etxean irabazteak eta atzokoa bezalako omenaldi bat jasotzeak aurrera jarraitzeko indarrak ematen dizkiola azpimarratu zuen. "Gainera, nik adin bat badut. Azkenean, halakoek ematen didate indarra aurrera egiteko. Kirolak asko laguntzen du arazoei aurre egiteko".