Inoiz baino nazioarteko ahots gehiago

Aitziber Arzallus 2022ko urriaren 19a

Irune Urbieta, Josu Iriondo eta Beatriz Eizmendi, atzo arratsaldean. (Aitziber Arzallus)

Sei taldek parte hartuko dute aurtengo Nazioarteko Ahotsak ekimenean, urriaren 26tik azaroaren 4ra bitartean. Emanaldi guztiak Frantziskotarren elizan izango dira, 20:00etan hasita, eta sarrerak datorren astean jarriko dituzte salgai, bost euroren truke.

Zarautz Abesbatzak hiru hamarkada luze daramatza Nazioarteko Ahotsak kantu zikloa antolatzen, Tolosako Turismo Sailarekin eta Zarauzko Udaleko Kultura sailarekin elkarlanean, eta aurtengoan ere ez du hutsik egingo. Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan parte hartuko duten sei taldek emanaldi bana eskainiko dute herrian, urriaren 26tik azaroaren 4ra bitartean. Beatriz Eizmendi Zarautz Abesbatzako kideak, Josu Iriondo lehendakariak eta Irune Urbieta Zarauzko Udaleko Kultura zinegotziak agerraldia egin zuten atzo arratsaldean Villa Mondan, aurtengo egitarauaren nondik norakoak azaltzeko.

Urriaren 26an, asteazkenean, abiatuko dute aurtengo jaialdia Mexikoko Ensamble Escenico Vocal taldearekin; urriaren 28ean, ostiralean, Poloniako Chor la Musica abesbatzaren txanda izango da; urriaren 30ean, igandean, Asturiasko (Espainia) Los Peques del Leon de Oro taldearena; azaroaren 1ean, asteartean, Estoniako Ellerheim Girls’ Choir taldeak eskainiko du emanaldia; azaroaren 3an, ostegunean, Ukrainako Sofia Chamber Choir taldeak; eta bukatzeko, azaroaren 4an, ostiralean, Letoniako Tiara Riga Cathedrals Girls Choir taldeak.

Urtero bezala, kontzertu guztiak Frantziskotarren elizan izango dira; denak 20:00etan hasita. Sarrera arruntak bost euro balioko du; abesbatzaren elkarteko kideentzat, hiru euro. Kontzertu guztietara joateko asmoa dutenek, berriz, bonua eskuratzeko aukera izango dute, 25 euro ordainduta. Sarrerak datorren astean jarriko dituzte salgai Turismo Bulegoan. Dena dela, aurrez erosten ibili beharrik gabe, Frantziskotarren elizan bertan ere sarrerak lortzeko aukera izango da emanaldi bakoitzaren aurretik.

Eizmendiren esanetan, "munduko mailako talde onenetakoak" dira Zarautzen ariko direnak, eta "luxu handia" da maila horretako abesbatzak herrian izatea. Taldeen kopuruan egin zuen azpimarra, "aurten sei talde izango baititugu, inoiz baino gehiago". Bakoitzak izaera propio eta berezia duela esan zuen Iriondok, baina bereziki nabarmendu zuen aurtengo edizioan emakumeek izango duten parte hartzea. "Aurten emakume ahotsak izango dira gehienak, eta emakume ahotsak beste sentimendu bat izaten du; beraz, animatzen zaituztegu etortzera eta gozatzera, mereziko du eta". Urbietak, bere aldetik, Zarautz Abesbatzari eskerrak eman zizkion, eguneroko lanez gain, gisa honetako ekimenak antolatzen egiten duen ahaleginagatik, eta nazioarteko ahotsez gozatzeko deia egin zien zarauztarrei.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide