"Surfak terapia gisa balio dit, lehiarako baino gehiago"

Jabi Gonzalez Toston 2022ko urriaren 19a

Ibon Oregi surflaria. (Jabi Gonzalez Toston)

Estreinakoz antolatu dute Pro Zarautz txapelketa egokitua eta Zarauzko bizilagun Ibon Oregik bere maila neurtu nahi du etxean, Espainiako txapelketa irabazi ondoren.

Gaur hasiko dute Pro Zarautz surf txapelketa osatuko duen egitarau zabala. Igandera arte iraungo du, eta lehen aldiz txapelketa egokitua izango da jokoan. 41 kirolarik eman dute izena zortzi modalitateetan. Horien artean da Zarauzko bizilagun Ibon Oregi (Markina, Bizkaia, 1977). Duela bi urte eskas galdu zuen hanka istripu larri baten ondorioz, eta bigarren txapelketa izango du Zarauzkoa.

Hasiberria zara surf egokituko txapelketetan parte hartzen, eta bizi zaren herrian egingo den lehenengoan lehiatuko zara asteburuan. Berezia izango da zuretzat, ezta?
Inguru honetan halako ekitaldiren bat edo beste egin bada ere, honakoa kutsu ofizialagoa duen lehenengo txapelketa da, nik dakidala behintzat. Niretzat bigarren surf txapelketa izango da, eta batik bat herrian delako animatu naiz parte hartzera. Galizian egin zen Espainiako Txapelketa izan zen nire lehena, eta askorik pentsatu gabe eman nuen izena jokatu baino astebete lehenago, eta irabazi egin nuen. Oraingo txapelketan ikusiko dut hura txiripa izan ote zen, edo benetan maila ona dudan.

Ez duzu zeure burua faboritotzat jotzen, beraz?
Ez, oraindik ez. Hamar urte igaro ondoren irabazten jarraituko banu, agian bai, baina oraindik garaiz da hori baieztatzeko. Diodan moduan, nire maila neurtu nahi dut, txapelketa bakarra jokatu dudalako. Gainera, jakin dudanez nire modalitatean zazpi bat surflari arituko gara. Tartean Frantziatik eta Portugaldik etorritakoak eta munduko txapelketetan parte hartutakoak. 

Betidanik izan zara kirolaria eta asko lehiatu duzu. Zure errealitate berrira egokitzeko prozesuan zenbateko balioa du hanka galdu zenuen istriputik bi urtera lehiaketetara itzultzeak?
Ez diot bestelako garrantzirik ematen. Betidanik gozatzeko kirola izan da surfa niretzat, sekula ez diot errendimenduari begiratu. Beharra nuelako hasi nintzen, seme-alabekin partekatu nezakeen kirola zelako, eta istripua izan nuenetik libre sentiarazten nauen kirol bakarrenetakoa da; izan ere, protesirik gabe aritzen naiz, belauniko. Horregatik, terapia gisa balio izan dit lehiara itzultzeko premia asetzeko baino gehiago.

Surfari lehen baino denbora gehiago eskaintzen al diozu orain?
Ez dut lehen baino gehiago entrenatzen, ezta gutxiago ere. Egunero egiten dut surfa, baina kirolaria izan naizelako eta beharra dudalako. Gainera, bizkarreko minez nabil azkenaldian, eta mesede egiten dit, baita hankek indarra hartzeko ere. Ez dut entrenatzen txapelketak irabazteko.

Istripuaren aurretik ere aritzen zinen surfean. Nola egokitu zara?
Hutsetik hastea izan da. Seme-alaben taula batekin hasi nintzen etzanda uretara sartzen. Ondoren, taula txikiago bat erosi nuen bodyboarda egiteko, baina apurtu egin nuen. Iñigo Bilbatuak animatu ninduen belauniko probatzera, eta horretarako taula bat utzi zidan. Lehen egunean ezin asmatuta ibili nintzen, eta ezinezkoa zela pentsatu nuen. Nolanahi ere, ahalegintzen jarraitu nuen, eta bigarrengo aldian zertxobait hobeto moldatu nintzen. Bide horri eutsita aurrera egin nuen pixkanaka egunez egun. Haren bi taulekin nabil oraindik ere.

Zu belauniko aritzen zaren moduan, beste hainbat modalitate ere badira surf egokituan. Lehiatu ahal izateko, zer nolako garrantzia du ezintasunak dituzuen pertsonentzat halako ateak zabaltzeak?
Zorionez, gero eta kirol gehiago dira lehiaketa egokituan parte hartzeko aukera eskaintzen dutenak. Pertsona eta talde jakin batzuek egin duten lanari esker da hori, eta nire egoeran edo antzekoan zaudenean asko eskertzen da aukerak eskaintzea. Surfean, esaterako, Alvaro Bayonak lan izugarria egin du bere fundazioarekin. Txapelketa honen antolaketaren atzean ere bera dabil buru-belarri.

Zuk zeuk ere istripuaren ondoren ezagutu duzu gertuago kirol egokituaren mundua, ezta?
Noski. Triatloi munduan zerbait ezagutzen nuen aurrez, kirol horretan aritzen nintzelako batez ere, baina hortik harago ezer gutxi nekien. Dena den, azken urteetan pixkanaka ari da aldaketa antzematen, eta oihartzun handiagoa du kirol egokituak. Edonola ere, zeregina badago oraindik. Nahiago genuke surfeko txapelketa egokituak zirkuitu baten parte izango balira, eta ez noizean behin antolatutakoak.

Zureaz gain, semearen parte hartzea ere izango duzue etxean. Nola daramatzazue proba hasi aurreko azken egun hauek?
Oraingoz ez gaude urduri, baina aitortu behar dut nik ez ditudala sentsaziorik onenak izan uretan azkenaldian. Etxean guztiok egin gara surfaren zale, bi semeek eta alabak egiten dute, eta ama ere animatu da orain, haren lagunekin. Zarauzko txapelketan aita eta semeetako bat arituko gara, erdiko mutila. Hark 14 urte ditu eta open mailako txapelketan eman du izena. Ikusiko dugu zer moduz doakigun. Ziurra dena da ez dugula elkarren aurka lehiatu beharrik izango, eta, beraz, elkar animatzen arituko garela. Hala eta guztiz ere, semeak beti egiten dit errietaren bat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide