Zarauzko Bikote Mistoen Lasterketa bueltan da, azken bi edizioak pandemiaren eraginez jokatu gabe egon ondoren. Proba herrikoi eta parekidea abenduaren 4an jokatuko da Zarautz Kirol Elkarteak antolatuta, eta dagoeneko izena eman daiteke herrikrosa.eus webgunean. Aurten berrikuntza bat izango du, gainera. Bikote helduez gain, haurrek ere parte hartu ahalko dute lasterketan bakarka.
Bikoteko 30 euro ordaindu beharko dute helduek, eta haurrek 5 euro. Egunean bertan ere eman ahalko da izena; kasu horretan, bikoteek 33 euro ordaindu beharko dute, eta haurrek 8 euro. Parte hartze muga 600 bikotekoa izango da, eta neska-mutikoen kasuan, ehun lagunekoa.
Ohi bezala, 7,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute lasterkariek, udal kiroldegitik hasi eta Musika Plazan amaituz; nolabait ere, herriari bi itzuli eta erdi emango diote. Parte hartzaileek gehienez ere ordubete izango dute helmugaratzeko. Lehen hiru sailkatuek saria jasoko dute, baita lehen hiru bikote zarauztarrek ere. Haurrek, ordea, ibilbide askoz ere laburragoa osatuko dute: bi kilometroko distantzia.
Antolatzaileek bi egunetan banatuko dituzte dortsalak, Aritzbatalde pilotalekuan: lasterketa bezperan, larunbatean, bertan, 17:30etik 19:00etara, eta egunean bertan, igandean, 09:30etik 11:00etara. Lasterketa 11:30ean hasiko da kiroldegi aurretik.