Udal aurrekontuei ekarpenak egiteko parte hartze bilerak "arrakastatsuak" izan dira, udalaren arabera

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urriaren 18a

Aritzbatalde kiroldegian egin dute batzarretako bat. (Zarauzko Udala)

"Bai parte hartze aldetik, bai jasotako ekarpenen aldetik", emankorrak izan dira udalak auzoz auzo egin dituen parte hartze bilerak. Orain, jasotako ekarpenak aztertu eta aurrekontuak osatu behar ditu Udal Gobernuak. 

2023ko udal aurrekontuak osatzeko parte hartze prozesua jarri zuen martxan udalak duela hilabete, eta asteotan hainbat bilera egin ditu auzoz auzo, herritarrek iritziak eman eta ekarpenak egin ahal izateko. Bilerak arrakastatsuak izan direla azaldu du udalak ohar bidez, "bai parte hartze aldetik, baita jasotako ekarpenen aldetik ere". Jesus Arana Partaidetza zinegotziaren arabera, "herritarrekin harreman zuzena izateak entzute prozesuaren kalitatea handitzen du". Gaineratu du herritarrengandik jasotako eskaera batzuk, azterketa tekniko-ekonomikoa egin ondoren,, "2023ko aurrekontuetan sartzeko aukera" izango dutela, "Eta beste batzuk, txikiagoak izanik, horrelako esku hartzeak egiteko urtero aurreikusten diren partidetan barneratuko dira". 

Bileretan nahiz parte hartzeko zabaldu diren bestelako bideetatik jasotako ekarpenak banan-banan aztertuko ditu udalak orain, eta zehaztuko du  horietako zeintzuk sartuko dituen  aurrekontuetan. Ondoren, Udal Gobernuak ondutako proposamenak Udalbatzaren onespena jaso beharko du urtea amaitu baino lehen. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide