Herriko abesbatzek, kantu taldeek eta txistulariek kantujira egingo dute azaroaren 22an, Xexili Egunean. Saioan parte hartu nahi duten abeslari, txistulari eta atabal-jotzaileei deia luzatu diete antolatzaileek. Kantu saioa apur bat prestatu ahal izateko partiturak banatuko dizkiete parte hartu nahi dutenei ostiral honetan, 19:30etik 20:00etara, Villa Mundako bigarren solairuan.
Xexili Eguneko kantu saioa ere iluntzean izango da, 19:30etik 21:00etara. Antolatzaileek aurreratu dutenez, aurten, estreinakoz, Patxi Madina eta Jaione Eskuderok moldatutako Xexili Eguna abestia eta Imanol Urbietaren Herriko Jatorrak eta Agur Herria abestiak prestatuko dituzte.