Emaginek (Ez)amatasunak Ikuspegi Feministatik jardunaldiak antolatu ditu azaroaren 11rako eta 12rako. Donostiako Tabakaleran izanen dira, eta izena emateko epea irekita dago. Nondik norakoak azaldu dizkiote Berriari Miren Arangurenek eta Ainara Lasak, Emagineko kide eta topaketen antolatzaileek.
Zergatik erabaki duzue amatasunei buruzko gogoeta hau egitea?
MIREN ARANGUREN: Burujabetza feministaren prozesua lotzen dugu, hein handi batean, gaur egun bizi ditugun askotariko krisi eta kolapsoei aurre egiteko prozesuarekin. Tartean dago azken urteetan asko landu duguna: erreprodukzio sozialaren krisia eta zaintza krisia. Horrekin lotuta dago haurren hazkuntzaren auzia. Gure inguruko ahots batzuek salatu dute mugimendu feministak ez duela izan gai hori agenda politikoaren lehen lerroan, eta guri garai egokia iruditu zaigu horretaz hausnartzeko.
Amek eta (ez)amek parte hartuko dute. Zertaz erabaki duzue alderdi guztiei ahotsa ematea?
ARANGUREN: Parentesi arteko ez horren bidez, adierazi dugu gogoeta osatu nahi dugula ama, ez-ama, beste ama diren horiekin guztiekin. Ez dugula sortuko espazio bat bakarrik ama egin direnekin edo erditu diren gorputzekin.
AINARA LASA: Gehituko nuke familiaren barruan dauden amaren eta aitaren figura horiek ere kritikatu eta apurtu nahi genituela, eta erdigunean beste terminologia batzuk jartzearen beharra gailendu nahi genuela.
ARANGUREN: Asko gustatuko litzaiguke jardunaldietan eztabaidagai bihurtzea zerk egiten gaituen ama, eta zerk egiten dituen aita, izeba edo guraso.
Jardunaldiak ezin izanen dira etxetik entzun. Zergatik erabaki duzue modu presentziala lehenestea?
LASA: Bertan egoteari eta joango direnei eman nahi diegulako lehentasuna oraingoz. Iruditzen zaigulako bertan esango diren gauza eta bizipen batzuk ez direla bat-batean gaur egungo difusio kanal horietatik zabaltzeko modukoak; hori ez da gure asmoa. Horrek ez du esan nahi jardunaldi hauek hemen bukatuko direnik, edo jasoko dugun guztiarekin Emaginek ez duenik lan egiten jarraituko.
ARANGUREN: Gainera, niretzat behintzat, oihan baten modukoa da Internet: publikoaren aurrean erabat, edozeinen aurrean, eta guk ez dugu hori nahi. Espazio seguru bat sortu nahi dugu, eta momentuari garrantzia eman. Jakinda jende askok ezin izango duela etorri.
Plaza bat izan nahi dute jardunaldiek, gaur egungo askotariko praktikak, teoriak eta esperientziak uztartzeko, baina baita beste zerbaiten abiapuntua izateko ere. Ez dut uste hau hemen geldituko denik.