"Jakin badakigu kontsumo datuak ezagutzea –zenbat kontsumitu dugun edo noiz izan dugun kontsumo mailarik altuena– ezinbestekoa dela kontsumo hori murrizteko, aplikatzen zaigun tarifa egokitzeko eta kontratatuta dugun potentzia egokia ote den egiaztatzeko. Tarifa elektriko berriekin, honek berebiziko garrantzia du, izan ere, efizienteagoak bagara, kontsumoa murriztuz, eta gure kontsumoak modu egokian banatzen baditugu, aurreztu egingo dugu eta energia berriztagarriak sustatuko ditugu". Hala adierazi dute Energia Argitu programaren arduradunek, Zarautzen eskainiko duten tailerrari buruz.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak antolatu du tailerra udalarekin elkarlanean, etxeko kontsumoa tarifa elektriko berrietara nola egokitu ikasteko "eta hortik abiatuz erabaki egokiak hartzeko".
Tailerra datorren astean izango da, urriaren 20an, ostegunarekin, 18:30ean, Portu Etxeko udalbatzar aretoan (Zigordia kalea, 13).
Landuko diren gaiak eta izen-ematea
Hiru gai landuko dituzte saioan: batetik, nola eskuratu norberaren argindar kontsumoaren datuak; bestetik, nola murriztu eta birbanatu kontsumoa, ondoren tarifarik egokiena aukeratzeko; eta, azkenik, nola egiaztatu kontratatuta daukagun potentzia dela benetan behar duguna.
Tailerrean parte hartu nahi duenak, urriaren 18a baino lehen eman beharko du izena. Horretarako, posta elektronikoa bidali daiteke argitu@gipuzkoa.eus helbidera; edo 628 53 22 48 zenbakira deitu (astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 17:00etara).
Informazio osagarria, berriz, www.argitu.eus webgunean aurki daiteke.