Bihotzez kardiopatia duten umeen familien elkartearen alde, Zarautz Bihotzekin elkartasun lasterketa eta martxa antolatu dituzte igande honetarako. Orokieta Herri Eskolan izango dira bi proben irteera eta helmuga puntuak, eta ibilbidea herrian barna egingo dute.
Lasterketa egiteko asmoa dutenek 4,7 kilometroko distantzia osatu beharko dute, 11:00etan abiatuta. Martxa egin behar dutenek, berriz, 10:30ean hasiko dute ekintza, eta 3,5 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Bi probetakoren batean izena eman nahi dutenek oraindik badute horretarako aukera, herrikrosa.eus atarian; hemen eman behar da izena lasterketarako, eta hemen martxarako.
Korrika egitera animatu ez, baina norbaitek elkarteari ekarpena egin nahiko balio, 0 dortsala erosteko aukera izango du, hamar euro ordainduta; hori ere herrikrosa.eus-en eskura daiteke.