Ostiraletik igandera Yasunari Ishimi karate maisu japoniarra Zarautzen izango da arte martzial horri buruzko mintegi tekniko bat ematen. Karatearen alderdi asko jorratuko ditu maisuak; historiaz, tradizioaz, kulturaz, filosofiaz eta teknikaz jardungo du, eta baita karate estiloez ere —estilo txinatarra, Syuri Te, Naha Te eta Tomari Te—. Karateaz gehiago jakin nahi dutenentzat aukera paregabea dela aurreratu du Alberto Caballero Zarauzko Kururunfa karate elkarteko kide eta ekitaldiaren antolatzaileak.
Aritzbatalde frontoian izango da mintegia, ostiral arratsaldean hasi eta igande eguerdira bitartean. Ostiraleko saioa 18:30eatik 20:00etara izango da; larunbatean bi saio egingo dituzte, 10:00etatik 11:30era eta 18:30etik 20:00etara; eta igandekoa, 10:00etatik 11:30era izango da. Herritarrek publiko gisa joateko eta maisua bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. Horretarako, frontoiko atetik sartu beharko dute, sarrera bi euro ordainduta. Hiru egunetarako balioko du sarrera horrek.
Yasunari Ishimi Osakan jaio zen duela 80 urte, baina Madrilen (Espainia) bizi da. 13 urte zituenetik praktikatzen du karatea, Filosofia eta Letretan lizentziatua da eta Europako Karate Shitokai Ishimi elkartearen jarduerak zuzentzen ditu egun. Hamargarren dan-a duen munduko pertsona bakanetakoa da eta Espainian dagoen bakarra. Gerriko beltza lortu ostean datozen mailak dira dan-ak eta guztira hamar daude.