Orain arteko parte hartze handiena izan du XV. Francisco Eskudero Akordeoirako Nazioarteko Konposizio Lehiaketak. Halaxe azpimarratu zuen Hauspoz Euskal Akordeoi Elkarteak ostiral arratsaldean Modelo aretoan eginiko sari banaketa ekitaldian. Guztira, 70 lan aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketara, eta konpositoreen jatorria ere anitza izan da; 34 lurralde ezberdinetakoa, alegia.
Epaimahaiak ez du lan erraza izan, baina azkenean Otto Wanke konpositore txekiarraren …dots
and loops lanari eman diote sari nagusia. Era berean, Carsten Hennig alemaniarrak aipamen berezia jaso du, entre/Berichterstattung 3.1 lanarengatik. Epaimahaiaren akta irakurri aurretik, ordea, bi pieza sarituren estreinaldiak entzun ahal izan ziren.
Lehenik eta behin, Daniel Alvarado konpositore kolonbiarraren Ritual III entzuteko parada izan zen, lehiaketa honetako X. edizioan bigarren saria jaso zuen akordeoirako obra. Maitane Arrete akordeoi-joleak interpretatu zuen pieza maisuki Modeloko oholtza gainean. Ondoren, iazko garaile Myrto Nizami konpositore greziarraren The branches bend, the memories Collide maisulanaren txanda izan zen. Elisa Ruiz (akordeoia), Karmele Castillo (biolontxeloa), Jorge Estaban (bibolina) eta Sebastian Armasek (saxofoia) osatutako laukoa arduratu zen obra zuzenean aurkezteaz.
Mayi Tolosak gidatuko zuen ekitaldia, eta eta urtero bezala, Eskudero familiaren babesa izan zuen. Era berean, Leire Arana zinegotziak hartu zuen parte Zarauzko Udaleko ordezkari gisa.