Musika beltza kresal zaporearekin. Hori da Arima Soul laukoteak argitaratu berri duen estreinako disko homonimoaren esentzia. Ostiralean aurkeztu zuen prentsaurrean Mikel Unzurrunzaga Makala-k eta bere kuadrillak bere lan luze "fresko eta txinpartatsua, baina era berean irmoa, bere sotiltasunean". Elkar zigiluaren babesean plazaratu du, eta, hain justu ere, Donostiako Elkar dendan egin zuten aurkezpen ekitaldia.
Guztira, zortzi abesti bildu dituzte diskoan, non udaberrian aurrerapen gisa zabaldu zuten Arima du abestiarekin irekitzen duten beraien arima. Soula da taldearen ardatza, hor ez dago zalantzarik, baina itsasoko olatuen antzera jolasten dute erritmo, doinu eta generoekin, eta abestiotan funk, latin jazz, rhythm & blues edota mod-jazz kutsuak ez dira falta. Berriki aurkeztu duten single-bideoklipa Gu Andrereak funk aldarrikatzailea da.
Alde horretatik, "ozeanio koloretsu" bat dela beraien ekarpena adierazi dute taldekideek, euskaraz egindako "soul ariketa handienetakoa bezain ausarta". Makala eta Lidia Insausti abeslariaren ekimenez sortutako proiektua da Arima Soul, eta abentura honetan Paul San Martin teklatu jolea eta Gorka Gaztanbide bateria jotzailea izan dituzte bidaide.
Datorren larunbatean, urriaren 14an, Donostia Lugaritz kultur etxean aurkeztuko dute diskoa zuzenean, 19:30ean hasita; sarrerak salgai daude dagoeneko.