Kaleak hartu ditu bizikleta erabiltzaileen aldarriak

Aritz Mutiozabal 2022ko urriaren 8a

Zarauzko Masa Kritikoak deituta, dozenaka herritar elkartu ziren atzo arratsaldean herriko kaleak hartu eta bizikletan berme osoz ibiltzeko.

16:45ean ekin zioten ibilbideari Orokietan herri eskolatik, eta Iñurritzako behin behineko trenbide gaineko pasabidea pasa ondoren, Salbatore Mitxelena Ikastolako ikasle eta gurasoekin elkartu zen tropela. Gipuzkoa kalea hartuta, Alde Zaharrera abiatu ziren, Lege Zaharren enparantzara, eta, horrela, kalez kale "Bidegorri gehiago!" zioen leloa hedatuz.

Ekimenaren deitzaileek adierazi dute azkenaldian herritar asko dagoela "kezkatuta eta haserre" herriko mugikotasunarekin: segurtasun ezagatik, lehentasun faltagatik eta alternatiba eskasiatik, besteak beste. Beste herri batzuetan masa kritikoak sortu direla "egoera honen aurrean aldarrikatzeko", eta Zarautzen ere eratzea erabaki dute. Hori horrela, hilabeteko lehen ostiraletan elkartzeko asmoa dute, atzo bezala, pedalak astintzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide