Marena Garciaren 'Harri metaketak' erakusketa ikusgai jarriko dute Arkamin

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urriaren 9a

Marena Garcia, bere lanetako bati begira. (Utzitakoa)

Asteartean, 18:30ean inauguratuko dute erakusketa berria. Paisaia bolkaniko, idor eta basatietan inspiratutako zortzi margolan ikusi ahalko dira Harri Metaketak-en.

Harri metaketak izeneko margolan erakusketa izango da Arkami galerian asteartetik aurrera. Marena Garcia artista kanariarrak sortutako lanak izango dira erakusgai, eta Kanariar Uharteetako paisaia bolkaniko, idor, basati eta bakartietan bilatzen du inspirazioa Garciak. Indar naturalek eraikuntza geologikorako material gisa jarri zutena, ehundura eta kolore bihurtzen du Garciak.

Zortzi margolanek osatzen dute Harri metaketak erakusketa. "Sumendien edertasun idorrak modelatutako paisaiak" agertzen dira horietan: "laba-ohantzeetatik, etsaitasunezko lur soil eta zimurtsuak, inolako landaretzarik gabeak, materia sortu eta kontzentratzen duten indar magmatikoetaraino".

Askotariko materialak erabiltzen ditu bere sorkuntzarako kanariarrak: harea ezberdinak, lurra, errautsak, buztinak edo ikatza, bere pigmentu naturalak sortzeko. "Inguruarekiko begirada minimalista eta intimoa" du, Arkamiko arduradunen arabera. Hiru dimentsiotako ezaugarriak dituenez, "paisaia emozionalak" dira haren obrak.

18:30ean inauguratuko dute erakusketa asteartean, eta bertaratzen direnek luntx txiki batez nahiz artistarekin hizketaldiaz gozatzeko aukera edukiko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide