Aiton-amonak, familia adina bizipen

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urriaren 7a

Biloben zaintzaz esperientziak, kezkak eta iritziak partekatzeko tartea izan da gaur Udaberri Jubilatuen Elkartean. Ahots ugari entzun ahal izan dira; bakoitzak egin du bere ekarpena eta aberastu du gainontzekoen iritzia.

Solasaldi interesgarria izan da gaur goizean Udaberri elkartean, 60+ Astearen barruan. Luis Arcos Santos Gizarte Zerbitzuetako langile ohi eta medikuaren gidaritzapean, biloben zaintzaz jardun dira hizketan hainbat herritar, beren esperientziak partekatu eta besteenengandik ikasiz. Hamazazpi lagun inguru bertaratu dira, gehiengo zabala emakumeak.

Mikel Arregi elkarteko presidenteak egin du sarrera laburra, eta hainbat galdera bota ditu airera: "Guri al dagokigu biloben zaintza? Zenbateraino? Non dago muga?" Arcos Santosek azpimarratu duen lehen ideia da familia adina bizipen daudela. Biloben, seme-alaben eta aiton-amonen egoerak asko baldintzatu dezake egoera. Hori abiapuntutzat hartuta, aipatu du askotan aiton-amonak "behartuta" sentitzen direla seme-alabei biloben zaintzan laguntzera. "Eta zerbaitengatik ezin badugu egin, errudun sentitzen gara", esan du. Kalean behatu izan dituen hainbat egoerak –aiton-amona oso nagusiak biloben kotxeari nekez bultzaka, egoera arriskutsuak sortzeraino– eraman dute hausnartzera Arcos, eta gaur egun lanean dihardu gaia plazaratzeko eta jendea esperientziak partekatzera animatzeko.

Lehen horren ohikoa ez bazen ere, gizartearen bilakaerak bide eman du sarri haurren zaintza aiton-amonek beren gain hartu behar izatera, gehiago edo gutxiago. Duela zenbait hamarkada ohikoagoa zen bi gurasoetako batek –ia beti amak– soldatapeko lanik egin gabe haurren zaintza bere gain hartzea, baina orain kasu gehienetan soldatapeko lanari eskaini behar izaten diote egunaren zati handia bi gurasoek, eta haurren ordutegiarekin uztartu ezinik ibiltzen dira familia asko. Horri medikuntzaren aurrerapenak gehitu behar zaizkio, gaur egun adineko jendeak duela urte batzuk baino osasun hobea baitauka.

Sentimendu kontrajarriak

Behin ideia horiek mahai gainean jarrita, beraien esperientziak plazaratzen hasi dira solaskideak. Denetariko iritziak eta sentimendu kontrajarriak entzun ahal izan dira. Oro har, seme-alaben "errekonozimendu falta" sentimendu partekatua da, baina, gehienak bat etorri dira laguntzeko "beti prest" egote horretan. "Seme-alabak oso berekoiak dira; ni ere hala izan nintzen, eta hori horrela dela onartu behar da", esan du andre batek.

Batzuek beraien bilobak hazi izana "gozatu" dutela esan dute, eta bizitzaren fase horretan "zerbaitetarako balio" zutenaren sentimendua ekarri ziela. Izan ere, Udaberrin bildu diren emakumeetako askok erruz egin dute lan bizitza osoan; askok soldatapeko lana izan zuten gaztetan, etxekoandre eta seme-alabak hazten aritu ziren ezkondu ondoren, eta biloben zaintzan dihardute orain.

Mugak jartzeko beharrarekin bat zetozen guztiak, eta seme-alabekin beraien beharrez hitz egiteari garrantzia eman diote. Dena den, muga horiek non jarri asmatzeko formula magikorik ez dagoela ondorioztatu dute. Biloben zaintzaren inguruko galdera horiek erantzun zurrunik ez duten arren, elkarrengandik ikasteko balio izan die denei gaurko saioak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide