"Ez nuke nahi Euskal Herrikoa finalerdietara pasatu gabe bukatu"

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urriaren 7a

Etzi izango du txapelketako saioa Mantxik. (Amaia Urbieta Arruti)

Oraindik erabaki irmorik hartu ez duen arren, litekeena da martxan den txapelketa azkena izatea Mantxirentzat. Ahaleginak egingo ditu, ordea, Lizarrako saioa bere azkena izan ez dadin.

Hitzordu garrantzitsua dauka Iñigo Mantzizidor Mantxi-k (Zarautz, 1977) igande honetan. Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatuko du, Lizarran (Nafarroa). 2019an jokatutako Gipuzkoako Txapelketan eskuratu zuen zarauztarrak Txapelketa Nagusirako txartela, eta lehen faseko azken saioan aritzea egokitu zaio. Honako hauek izango ditu kantukide: Aitor Bizkarra, Maialen Akizu, Imanol Uria, Asier Azpiroz eta Unai Gaztelumendi. Fasea etzi amaituko denez, saioko puntuazioak ematearekin bat jakingo da nortzuk igaroko diren finalerdietara.

Lau egun baino ez dira falta [asteazkenean egin zen elkarrizketa] txapelketako zure saiorako. Zer-nolako gorputzaldia duzu?

Oraingoz, ona. Nerbio puntuarekin nago, eta hori behar-beharrezkoa da, baina bertsoez aparte gauza dezente ditut buruan, eta txapelketaren gaiak ez nau kontsumitu oraindik. Gertatu izan zait urduriago egotea, pasa-pasa eginda. Ikusi egin behar egunean bertan eta bezperan nola nagoen, baina, momentuz, ondo.

Urtebetez luzatu da txapelketen arteko tartea. Hori kalterako ala onerako izan da?

2019an izan zen Gipuzkoakoa eta, berez, Euskal Herrikoak iaz izan behar zuen. Pandemiagatik atzeratu zen urtebete, lau urteko zikloa bostekoa izatera igaro da. Pandemiarekin saio gutxi egin ziren, orduan, iaz egin balitz txapelketa, bertsolarien herrena nabarmenduko litzateke jendaurreko errodaje faltagatik. Urtebeteko atzerapen horrek ekarri du berriz ere jendeak errodajea berreskuratzea. Atzeratu egin behar izan da, baina, kasu honetan, bertsolaritzaren mesedez.

Lehenengo fasea aurreratu samartuta dago dagoeneko. Jarraitu al dituzu beste saioak?

Arrasateko [Gipuzkoa] saioan bakarrik izan naiz. Entxufatzeko eta urduri jartzeko nahikoa izan zela esango nuke. Besteetan ez naiz izan, baina gero Bertsoa.eus atarian entzun ditut saioak, eta bertako giroa eta saioa zer-nolakoa izan den jakiteko balio izan du. Joan izan banintz hiru saio entzutera, uste dut ez nukeela lortuko nerbioak kontrolatzea, kutsatu egiten baita presioa. Gainera, Arrasatekoa urduri- tasunez betetako saioa izan zen. Ongi egitea espero zen jende batek nerbioen ondorioz sufritu egin zuen. Hori antzeman zuten entzuleek eta antzeman genuen aurrerago kantatu behar dugunok. Aitor Bizkarrarekin egin nuen topo saio hartan eta esan zidan: "Hemendik kaka eginda aterako gara".

Nola prestatu zara txapelketarako?

Hasteko, errodajea da garrantzitsua. Plazak edukiz gero, hori baliatu behar da arrazoiak zorrozteko. Gero, beste kantukide batzuekin bildu eta librean asko jardutea da gakoa. Puntu batetik aurrera, ordea, txapelketako ariketekin hasi behar zara. Ez da gauza bera jaialdi batean gai bat emanda bakoitzak bost bertso kantatzea, edo gaiari hiruna bertso abestea. Hiru bertso horietan gauza asko hartu behar dira kontuan: arrazoia, esan nahi dena, umorea, sakontasuna, kantukideari erantzutea... ariketa horretara moldatu behar da.

Lehen jardun bakarrik egiten ginen prestatzeko. Duela urte batzuetatik hona, ordea, kantatutakoa komentatu egiten dugu. Nondik jo dugun, nondik joko genukeen, zerekin ibili beharko genukeen kontuz... Horrek denbora gehiago eskatzen du. Modu horretan akaso gutxixeago kantatzen da, baina badu bere garrantzia, diskurtso berrietan hankarik ez sartzeko ondo etortzen baita albokoaren iritzia ja- kitea. Bat-batean ari garenean nahikoa da hitz bat sartu behar ez zen lekuan sartzea, diskurtsoak forma txarra hartzeko, beraz, halako hausnarketak ere entrenamenduaren parte dira.

Lizarrako saioari dagokionean, zer moduzko bertso taldea egokitu zaizu?

Talde gaztea tokatu zait. Egia esan, lau edo bost gaude txapelketan pixka bat nabarmentzen garenak adinagatik, eta ez zen zaila talde gaztea tokatzea, baina hau bereziki gaztea da. Ez daukat adinkiderik. Gainera, ia denok guraso izan berri gara. Maialen Akizu hiru hilabeteko umea duela helduko da, Azpik hamar egun inguruko haurra du –ez da gauza bera ama edo aita izatea, baina ospitaletik irten direla astebete eskas izango da, eta etxeko panoramaren arabera, ez da erraza izango burua bertsotarako edukitzea–. Besteek ere, Bizkarrak kenduta, duela gutxi izan dute umea, eta geureak ere urtebete dauka.

Izenei dagokienean, saio neutroa ikusten dut. Latz egiten dute bertsotan, baina Gotainen [txapelketako aurreko larunbateko saioa izan zen bertan, Zuberoan], esaterako, seitik bostek izen handia zuten, eta horrek eragina izan dezake giroan eta epaimahaiaren erabakietan. Gure kasuan, saioa neutroa da. Batzuk gazteak dira, ni beteranoa naiz, baina ez daukat izugarrizko izenik, eta horrek arriskua ekar dezake. Iruditzen zait saioa puntuatua izateko, agian, beste batzuek baino gehiago erakutsi beharko dugula.

Albokoaren jardunak eragin handia al dauka?

Bai, nik garbi daukat saio bat, txapelketakoa edo jaialdikoa izan, taldean egin behar dela ona izateko. Bat edo bi ondo jarduteak ez du ezertarako balio. Taldeak ondo egiten badu, puntuazioak goitik joango dira, eta gero na-armenduko dira gehien asmatu dutenak, baina taldean egin behar da.

Niri beldurra ematen dit etxeko panoramen arabera burua ez edukitzea bertsotarako, eta horri gehitu behar zaizkio izen neutroak izatea eta faseko azken saioa izatea. Baten batek esango du aitzakiak jartzen ari naizela, baina errealista izanda, koktel arriskutsu samarra da.

Zer helbururekin zoaz?

Sailkatzea, dudarik gabe. Laugarren Euskal Herrikoa dut, 44 urte, eta ez dakit hurrengo Gipuzkoakoan izango naizen. Ez dut azken erabakia hartu, baina seguraski hau izango da nire azken txapelketa. Ez nuke nahi bukatu Euskal Herrikoa finalerdietara sailkatu gabe. Gero sekulakoa egiten ez badut ere, horra sailkatzea ondo legoke. Lehendik hirutik bitan sailkatu naiz, 2013an 10. edo 11. geratu nintzen. Hori berdintzea ez dut espero, gaur egun gazteak diskurtso eta maila izugarriarekin daude eta. Sailkatu eta erdi parean geratuz gero, txapelketa polita izango litzateke.

Autobuskada joango da Zarauztik zu animatzera.

Bai, hori ederra da. Egunpasa joango da jendea, nire aitzakian egindako zerbait da, estimatzen dudana. Alde horretatik positiboa naiz, ikusten dudalako Bizkarrak ziurrenik Bizkaitik jendea eramango duela, nafar jendea agian mugituko dela... zentzu horretan, lekua goxoa bada eta jendea bero badago, gozatuko dugu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide