400 lagunek parte hartuko dute bihar Bikote Mistoen Triatloi Herrikoian

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urriaren 7a

Lehiaketa laburra eta zailtasun gutxikoa izango da biharkoa, triatloia lehen aldiz probatu nahi dutenentzat pentsatua. Gainera, gizon adina emakume bilduko dituen lehen triatloia izango da.

Lehen aldiz jokatuko da bihar Bikote Mistoen Triatloi Herrikoia. 12:30ean irtengo dira parte hartzaileak moilatik, Getariara joan-etorria egingo dute jarraian eta, azkenik, malekoian egingo dute lasterka, Munoa plazako helmugara heldu arte. Zehazki, 350 metro egin beharko dituzte igerian, 7 kilometro bizikletaz eta 2,25 kilometro lasterka. Proba laburra eta zailtasun gutxikoa izango da,  "triatloia lehen aldiz probatu nahi dutenentzat pentsatua", azaldu du Nik Tri talde antolatzaileak ohar bidez.

Txandaka abiatuko dira bikoteak, bost bikoteko taldeetan 30 segundoro, dortsalaren zenbakiaren arabera. "Jende pilaketak ekiditeko" egingo dute irteera modu horretan eta, bide batez, hartara ez da jakingo lehenak eta azkenak nortzuk diren. "Lehiakortasuna alde batera utzi eta parte hartzaileak eroso eta gustura aritzea da helburua", azaldu dute Nik Triko kideek. Bizikletako proban, gainera, itxita egongo da Getariarako errepidea. "Triatloia lehen aldiz probatzeko era polita dela iruditu zaigu, eta dagoeneko probetan eskarmentua dutenentzat ere erronka polita izan daiteke".

Gaineratu dute "gizonezko adina emakume bilduko dituen lehen triatloia" izango dela biharkoa. "Emakumezkoak triatloira erakarri nahi ditugu eta horretan oinarritu gara formatu hau pentsatzerako garaian". Amaieran, parte hartzaile guztientzat "zozketa erraldoia" eta parrilada antolatu dituzte. Kirola festa giroarekin uztartuko dute, beraz.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide