Gloria Vazquezek dio Zarautz eredu dela animaliak hiltzeko debekuan

Aritz Mutiozabal 2022ko urriaren 5a

Animalien Ongizateko zinegotziak adierazi du 45.469 euro bideratu dituztela animalen babesera. Urte hasieratik hona eginiko jarduerak ekarri ditu gogora.

Animalien Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta horren harira, udaleko Animalien Ongizateko zinegotzi Gloria Vazquezek argi utzi nahi izan du Zarautz eredu dela "zero animalia hiltzeari" buruzko legea txertatzen. Lege horrek etxeko animaliak eta kaleko animaliak hiltzeko debekua ezartzen du, eta arrazoi humanitarioengatik eta osasun publikoagatik bakarrik baimentzen du eutanasia.  Duela urte eta erdi hartu zuen arloaren ardura, eta, guztira, 45.469 euro bideratu dituzte animalien babeserako eta ongizaterako.

Urte hasieratik abandonatutako 38 animalia jaso dituzte –31 katu eta 7 txakur– eta Gipuzkoako Animalien eta Landareen Babeserako Elkartera bideratu. Gainera, Zarauzko Zaunka albaitaritza-klinikak udalarekin lan egiten du boluntarioak atzemandako katuak esterilizatuz, eta, behar izanez gero, parasitoak kentzeko tratamenduak eta kirurgiak eginez. Hauek sendatu ondoren, bere koloniara itzularazten dituzte. Aurten 55 esterilizazio egin direla jakitera eman du zinegotziak, eta horien artean, zortzi animaliari ebakuntza egin edo tratatu dira.

Era berean, udalarekin elkarlanean ari diren hamar zarauztar baino gehiagoren laguntza azpimarratu eta eskertu du; izan ere, beren jardunean CER metodoa (harrapaketa, esterilizazioa eta itzulera) aplikatzen dute kaleko katuen koloniak kontrolatzeko. Bestalde, oso pozik agertu da herriko hainbat auzotan txakurrentzako jarritako sei parke berriekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide