Jin, jiyan, azadi / Emakumea, bizitza, askatasuna. Lelo hori ahotan, euren burua grabatu dute Euskal Herriko zenbait sortzailek, egunotan Iranen eta haren menpeko Kurdistanen agintari erlijioso-politikoen indarkeria pairatzen ari diren emakumeei elkartasuna adierazteko. Horien artean da Nerea Loiola idazlea, Zarauzko bizilaguna. Zorrotz.eus plataformak zabaldu du bideoa.
Irailaren 13an, beloa «gaizki jantzita» zeramalako, Moralaren Poliziak atxilotu hil zuen Tehenaren Mahsa Amini 22 urteko emakumea. Polizia etxera eraman eta gutxira «bihotzekoak» eman ziola adierazi zuen Irango Poliziak, baina harekin atxiloturik zeuden hainbat lekukok adierazi dute emakumea jipoitu egin zutela, garunean odol isuria eragin arte.
Heriotzak protesta olde handia eragin du Iranen eta Kurdistanen. Ehunka herritar kalera atera dira hiru astez, Emakumea, bizitza, askatasuna leloa ahoan hartuta. Islamiar Errepublika amaitzeko eskatu dute. Irango agintariek gogor erantzun diete protestei. Iran Human Rights gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 92 herritar hil dituzte dagoeneko.