"Garrantzitsuena agente on batek laguntzea da"

Erredakzioa 2022ko urriaren 5a

Adinean gora egin ahala, aseguru on bat edukitzeari inportantea deritzo Estibaliz Unzuetak, eta beraien zerbitzuei buruzko azalpenak eman ditu. Konfidentzialtasuna, gardentasuna eta konfiantza eskaintzen ditu Zarauzko Seguros Bilbaok.

Zer eskaintzen die Seguros Bilbaok 65 urtetik gorako herritarrei?

Galdera horri erantzuteko, aurrena argi utzi behar dena da zer den aseguru bat. Aseguru bat instrumentu bat da pertsona bakoitzak eduki ditzakeen arriskuen ondorioetatik babesteko. Hainbat motatakoak daude: medikuntza pribaturako sarbide moduko aseguruak, bizi aseguruak, istripu aseguruak, ehorzketarako aseguruak... Baita egindako inbertsioak babestekoak ere; etxeko aseguruak, ibilgailuenak, itsasontzienak, merkataritza/ETE-etakoak, etab. Funtzionamendua sinplea da: diru kopuru bat ordaindu behar da –aseguru-prima deiturikoa–, eta horren truke, konpentsazio ekonomiko edo zerbitzu bat jasotzen da, betiere polizan jasotako egoeraren bat gertatzen bada.

Babestu behar ditugun beharrak desberdinak al dira adinaren eta egoeraren arabera?

Desberdinak dira, bai, gure bizi- zikloan jasotzen ditugun diru-sarreren arabera. Esaterako, jaiotzen garenetik diru-sarrerak izaten hasten garen arte, ikastea eta osasuntsu egotea da gure kezka; lanean hasi eta erretiroa hartu arte, berriz, gure kezka diru-sarrera handiagoak izatea da –eta ahal bada aurreztea–, proiektu berriei ekitea –adibidez, familia bat osatu, enpresa bat sortu...–, inbertsioak egitea eta osasuntsu jarraitzea; azkenik, erretiroa hartzen dugunean, aurretik jasotako diru sarrerak eta egindako inbertsioak nahikoak izatea nahi dugu lasai egoteko eta osasuntsu jarraitzeko, gure azken egunera arte.

Horretan guztian zer paper duzue aseguru etxeek?

Babesa eskaintzen dugu guk. 65 urtetik gorako persona guztiak aipatu berri dudan sailkapenaren azken zatian aurkitzen dira. Seguros Bilbaok, alde batetik, beraien ondasuna babesteko aseguruak eskaintzen ditu. Bestetik, beraien osasuna babeste aldera, osasun-zentro pribatuetara joateko aukera ere eskaintzen du prezio merkeagoetan, gure mediku taldeari esker. Azkenik, bizitza zikloari amaiera emateko, bakoitzaren nahia bete dadin, ehorzketarako aseguruak eskaintzen ditu.

Zuen ustez, adinekoek zer hartu behar dute kontuan aseguru bat aukeratzerako orduan? Zuen aholkua zein da?

Adinekoek eta ez adinekoek, guztiek kontuan hartu behar dutena da aseguru etxe guztiak direla balekoak, pertsona edo agente on batek gidatzen baditu. Agentea da herritar bakoitzaren beharrak aztertuz asegururik egokiena gomendatzen duena eta gero, arazo baten aurrean, borroka egiten duena konponbidea bilatzeko. Aholkuren bat eman beharko banu, esango nuke telefono-aseguru konpainietatik urruntzeko. Banku batzuen aseguruak ere saku horretan sartzen ditut; izan ere, aseguru etxe horrek herrian bulego propioa izan arren, bankuetan egindako aseguruei intzidentzia baten berri emandakoan telefono zenbaki batera deitu be- har izaten da, eta ez dakizu beste aldean zein aurki dezakezun.

Zer zalantza izaten dituzte zuengana bertaratzen diren adinekoek?

Aurretik esandakoaz gain, gehituko nuke zalantza gehienak aseguru etxeetan erabiltzen ditugun hitz teknikoek sortzen dituztela: aurreexistentzia, gabealdia (periodo de carencia), frankizia, koordainketa (copago)... Hitz horiek gehienetan txartzat hartzen dira, eta ez bada azalpen egokirik ematen, ez dira ondo ulertzen. Ondorioz, gaizkiulertuak sortzen dira.

Adibiderik ematerik baduzu horren inguruan?

Bai. Adibidez, medikuntza pribaturako sarbidea ematen duten hainbat aseguru mota dago. Alde batetik, 65 urtera arte kontratatu daitezkeenak daude, non aseguru-etxeari hilabeteroko kuota ordainduz ospitale pribatuetara joan zaitezkeen nahi adina alditan. Mediku pribatuekin egondako bakoitzean aukera daiteke zerbait ordaindu edo ez ordaindu, eta horri koordainketa deitzen zaio. Koordainketa duten mediku-aseguruak merkeagoak dira ez dutenekin alderatuta. Bestalde, 65 urte arte kontratatzen diren horietan, gaixotasunen aurrekariek garrantzi handia dute; kontratua egin aurretik gertatutako istripu edo gaixotasunek. Horri lotuta, kontratatu ondoren gabealdiak egon daitezke, alegia, gaixotasun baten aurrean mediku-proba berezi batzuk egiteko denbora epe laburra. Epe horretan ezingo dira zerbitzu edo asistentzia batzuk jaso. Dena den, istripuek eta hil ala biziko gaixotasunek ez dute gabealdirik; ondorioz, kontratatu bezain pronto jaso daiteke asistentzia.

Halako aseguru motak kontratatu al daitezke 65 urtetik gora?

Ezin dira kontratatu, baina lehenagotik edukiz gero, mantendu daitezke.

Zer egin dezake 65 urte edo gehiago bete dituen pertsona batek medikuntza pribaturako sarbidea eduki nahi badu diru asko xahutu gabe?

Seguros Bilbaok beste mediku-aseguru mota bat badauka mediku pribatuen zerbitzuak jasotzeko: deskontuak eskaintzen dituen txartel bat da, baita doako zerbitzu batzuk ere, aurreexistentziak kontuan hartu gabe eta gabealdirik gabe, gure mediku taldeari esker. Salud Bienestar dauka izena aseguru horrek, eta ez da bakarrik 65 urtetik gorakoentzat; edozeinek kontrata dezake.

Zer aurkituko dute Zarauzko zuen bulegora bertaratzen direnek?

Errespetua, konfidentzialtasuna, gardentasuna eta inplikazioa. Errespetua oso barneratuta dugun baloreetako bat da. Baita konfidentzialtasuna ere: guregana gerturatzen direnak beraien ondasun garrantzitsuenak babesteko eskatzera datoz, baita ezkutuan gorde nahi dituzten gauzak ere. Gardentasuna erakustea ere oinarrizkoa da, kontratatzen dena sakon esplikatuz eta galdera guztiei erantzunak bilatuz; dena ondo aztertu eta beharrak ezagutzea da gure lana. Ezagutza prozesu horretan, pertsonekin harreman estua sortzen da, eta azkenean, etxean bezala sentitzen dira. Konfiantza erlazio hori sortzen den momentua da niri gehien gustatzen zaidana. Noski, inplikazioa ere garrantzitsua da, batez ere intzidentzia baten aurrean. Kalteren bat gertatzen denean, galera sentimendua izaten du bezeroak: etxea urak hartzen diolako, kotxearekin istripu bat izan duelako edo lapurrak sartu direlako negozioan... Momentu horietan inplikazioa, elkar ulertzea eta laguntza ematea da gehien eskertzen dutena, eta hori da guk eskaintzen duguna.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide