Genero arauak erdigunera ekartzeko kafe tertulia zikloa antolatu du Bilgune Feministak

Aritz Mutiozabal 2022ko urriaren 5a

Edurne Epelde Pagola Martxoak 8 bateko solasaldi batean. (Amaia Urbieta Arruti)

Urriko hiru ostiraletan izango dira saioak Gaztelekuan, Zarauzko Bilgune Feministak antolatuta. Genero bitartasunaren gainean iritziak partekatzea da helburua. Tertulietan parte hartzeko izena eman behar da aurrez.

Azken urteotan generoaren gaiari lotuta egoera berriak, kezkak, galderak eta eztabaidak sortzen ari direla eta, Zarauzko Bilgune Feministak Genero arauak ha(ez)zkuntza prozesuetan kafe tertulia zikloa antolatu du. Hil honetako hiru ostiraletan  –urriaren 14, 21 eta 28an– egingo dituzte saioak, Gaztelekuan, eta egitasmoaren helburua da genero bitartasunaren gainean dituzten iritziak, usteak, galderak nahiz kezkak lasaitasunez eta konfiantza giroan elkarrekin partekatzea.

"Egunerokoan ditugun hazkuntza-hezkuntza praktikek eta horien atzean ditugun ideologiek eragin zutena dute haurren askotariko identitateetan eta hortik abiatzen diren jarreretan, pentsamoldeetan eta jokabideetan. Sexu eta genero identitatea da, beste batzuen artean (klasea, arraza, jatorria) sozializazio prozesu honen emaitza azkarra, eta hor jarriko dugu arreta oraingoan", zehaztu du bilgunek.

Era berean, "genero eta sexu identitatearen aurrean, interesgarria eta esanguratsua gertatzen da hezitzaile gisa ditugun ideologia eta praktiketan arakatzea, sakontzea eta horien gainean eztabaidatzea", gaineratu du: "Azken batean, haurrek imitazioz ikasten dute eta gure gorputzeko keinu, esanahi eta praktika guztietara adi-adi daude, beti".

Testuinguru horretan, hiru tertulia hauek antolatu dituzte, udalak diruz lagunduta: urriaren 14rako Genero bitartasuna haurdunaldian, Edurne Epelde Pagolaren eskutik; urriaren 21erako Askatu ala moztu, Nora Salbotxek eskainiko duena; eta urriaren 28an, Sustraietatik eraldatzen: berdintasuna errotuz, Parean elkartearekin. Saioek irauten duten bitartean, 18:00etatik 19:30era, haurrentzat txokoa izango da. Tertulietan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da webgune honetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide