Hurrengo bost urteetarako Mugikortasun Plana onartu dute

Aritz Mutiozabal 2022ko urriaren 3a

Lege Zaharren enparantzako bizikletak aparktzeako tokia. (Zarauzko Udala)

Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE taldeen aldeko botoekin aurrera atera zen plana. EH Bilduk azaldu zuen ez datorrela bat "planaren izpirituarekin eta lan egiteko moduarekin", eta Podemos Equo-Berdeakek oinezkoei nahiz bizikletei presentzia gehiago emango liekeen arren, dirulaguntza galdu ezin den aukera dela esan zuen.

Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Plana 2023-2028 onartu zuten joan den osteguneko osoko bilkuran, Udal Gobernuko taldeen aldeko botoei esker; oposizioari dagokionez, EH Bildu aurka agertu zen, eta Podemo Equo-Berdeak abstenitu egin zen. "Plan hau beste urrats bat da guztion artean eraiki nahi eta behar dugun herrira hurbiltzeko. Plan honek datozen bost urteetan jarraitu beharreko norabidea markatzen du, baina ondoren eman beharreko pausoak ere asko erraztuko dizkigu", adierazi zuen Mugikortasuneko zinegotzi Iker Basurkok.

Hainbat helburua zehaztu dituzte, baita horiek lortzeko jarraitu beharreko jarduera ildoak ere. Azken finean, honako hauek lortu nahi dira datozen urteetan: herritarrentzat herri seguruagoa eta atseginagoa izatea, bizikleta munduarekin zerikusia duen guztian hobetzea, hiriguneko trafiko arina murriztea, garraio publikoaren zerbitzua hobetzea, aparkatzearen arazoa hobetzea neurri handi batean, eta, jakina, oinezkoen, txirrindularien eta ibilgailu motordunetako gidarien arteko bizikidetza hobetzea.

"Plan hau hasiera on bat da, baina beti bezala, guztion jarrera ona eta partea hartzea ezinbestekoa izango da etorkizunean izan nahi dugun Zarautz hori lortzeko", zehaztu zuen Mugikortasuneko zinegotziak.

"Herritarren bizkar"

EH Bilduk argi eta garbi adierazi zuen ez datorrela bat "planaren izpirituarekin, ezta aurrera eramandako forma, edukia eta lan egiteko moduarekin ere". Herritar guztiei eragiten dien zerbait izangatik ere, koalizioak dio ez dituztela haiek kontuan hartu plana diseinatzerakoan, eta "herritarren bizkar hartutako erabakia" izan dela. 

"Autoei begira eginiko plana" dirudiela seinalatu zuen koalizioko kide Jabier Etxaburuk, "planean autoari asko ere erreferentzia gehiago" egiten zaiolako. "Presaka eta gaizki eginiko plana bat da. Zarauzko herria eta mugikortasuna ulertzen ez duen norbaitek idatzia. Herrian hain errotua dagoen bizikletan ibiltzeko kultura eredugarriaren aurkakoa da", azaldu zuen. Horrez gain, opor garaian ekarpenak egiteko epea irekitzea iraingarritzat jo zuen, baita jaso zituzten 30 ekarpenetatik bakarra kontuan hartzea ere.

Oro har, planak "beharraren arabera" egiten direla zehaztu zuen Etxaburuk, eta ez dirulaguntza jakin bat jasotzeko: "Gaur hartzen dugun erabakia biharko kaltea izango da. Laguntza jasotzea ondo dago, baina gauzak ondo egiten badira. Hau herritarrei iruzur egitea da".

Podemos Equo-Berdeak udal taldeko bozeramaile Oihane Delgadok azpimarratu zuen bozkatzekoak ziren mugikortasun plana Udal Gobernuarena zela, eta beraien ustez, "oinezkoei eta bizikletari jarraikortasun  gehiago" eman beharko lioketeela. Edonola ere, iruditzen zaie ministerioaren dirulaguntza hori ezin dela alferrik galdu behar.

"Plan egokia iruditzen zaigu, eta bere ildo nagusiak onak dira", adierazi zuen PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquez, "baina faltan botatzen ditugu aparkaleku disuasorioak, eta hala azaldu diogu Basurkori". EH Bilduri erantzunez, "mugikortasunaz hitz egiterakoan trafikoaz hitz egin behar da nahitaez eta hor autoak agertzen dira", erantzun zuen Vazquezek.

Dirulaguntza tarteko

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak egindako deialdia baten bitartez, Zarautz Udalak ia milioi bat euroko laguntza lor dezakeela azaldu zuen Basurkok, baina horretarako plana irailean onartu behar zela. "9-10 hilabete gindoazen proiektuarekin lanean, teknikariekin eta esperientziadun enpresarekin, eta aukera horren aurrean ez nintzen geldirik geratu. Beraz, nire eginbeharra zela uste dut planean buru-belarri jartzea dirulaguntza hauetara iristeko".

Plan honek duen gauzarik garrantzitsuena da "zehaztu diren helburuak" eta "jarraituko dituen estrategiak". Bost urterako plan bat da, eta "garbi dugu nora goazen". Azaldu zuen ez dabiltzala bakarrik lanean, beste herri eta hirietan nola egiten ari diren "entzuten" ari direla. "Joan behar den eztabaidagunetara goaz, eta ez gaude orain dela 20 urteko diskurtso batekin, guztia garatzen ari delako, ideiak eta hirietako formatuak". Lerro horretan ari direla lanean nabarmendu zuen Mugikortasun zinegotziak, "etorkizunean Zarautz jasangarriago bat egiteko".

"Herritarrei entzuten diegu maila indibidualean eta kolektiboan. Gure lantaldeak horretan jarraitzen du, baita Zarautz 2030ko mugikortasun arloari dagokionak ere. Beraz, profesionaltasunez jokatzen ari gara zentzu horretan", erantzun zuen. Eta "autoez gehiegi hitz egiteari "dagokionean, herrian dagoen "autoen arazoaren isla" dela aditzera eman zuen Basurkok.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide